EHAk zerbitzu publikoen desegituraketa salatu du Barkoxen
Ixabel Etxeberria zerrendaburuaz gain Jean-Do Iriart eta Madouce Araguas izan dira gaur goizean Barkoxen Euskal Herriaren Alde hautagaitzak burutu duen ekitaldian. Bertan, zerbitzu publikoen desagerpena salatu dute hautagaitza ezkertiar eta abertzalearen ordezkariek.MMEk abiatutako ereduari segituz azken urtetan Frantziak aitzineratu duen pribatizazio prozesuak kalte handiak eragin dituela Xiberoan agerian utzi dute.
1995az geroztik, Munduko Merkatal Erakundeak harturiko erabakia oinarria hartuta, pribatizazio prozesuak ugaldu dira. Euskal Herriaren kasuan, pribatizazioak eta zerbitzu publikoen berraltolaketak kalte nabarmenak utzi dituzte Xiberoan nabarmendu dute Barkoxeko posta aitzinean buruturiko ekitaldian.
“Zerbitzuen Merkataritzaren inguruko Akordio Orokorra” (ZMAO)k zerbitzu publiko guztien pribatizazioa aurreikusten zuen: elektrizitatea, posta, garraio publikoak, baina ere osasungintza eta irakaskuntza.
ZMAO sinatu aitzinetik, europar gobernuek pribatizazio prozesua abiatu zuten. EDF, Air France, La Poste... eta beste hainbat enpresa eta zerbitzu publikoekin gertatutakoa horren adibidetzat jo dute EHAren hautagaiek.
Ixabel Etxeberriak azaldu duenez, "orain dela mende bat irabazitako eskubide sozialen ezeztapenen aitzinean, eta zerbitzu publikoaren desegituraketaren aitzinean, EHAk Europar Batasunak, biztanleen beharrei erantzuten dizkien hurbileko zerbitzu sozialak haren lurralde guzietan bermatu behar dizkiela defendatzen du".
Ekitaldian, zerbitzu publikoen desagerpenak Xiberoan sortzen dituen kalteak zehaztu dituzte. Postan, osasun sarean edo irakaskuntzan zerbitzuen murrizketa eta langileen kanporatzeak eguneko ogia direla nabarmendu dute EHAren hautagaiek.







