EHAko ordezkariek sustengua eta elkartasuna helarazi diote Euskal Herriko Laborantza Ganbarari
Euskal Herriko Laborantza Ganbararen gomitari erantzunez, Euskal Herriaren Alde hautagaitzaren ordezkaritza bat Ainhize Monjoloseko egoitzarat hurbildu da asteazken arratsaldean. Euskal Herriko laborarien kezkak entzun ondoan, EHAko zerrendaburua, Ixabel Etxeberriak, bere sustengu osoa helarazi dio laborantza iraunkorra sustatzea xehe duen elkarteari.
Gaxuxa ARRANBIDE / AINHIZE-MONJOLOSE
Ixabel Etxeberria EHA-ren zerrenda burua eta zerrendaren beste hautagai, hala nola Battitt Amestoy, Béatrice Elissalde, Xole Aire eta Madouce Araguas errezibituak izan dira Mixel Berhocoirigoin EHLG-ren lehendakariarengandik.
Mixel Berhokoirigoinek EHLG-ren aurkezpena eta ibilbidea aurkeztu ondoren, gaur egun egiturak dituen, besteak beste, diru kezkak aitortu dizkio EHA-ren hautagaiei.
"Gaur egun egoera ez da biziki erosoa, Ganbara biziarazteko zailtasunak bait daude diru mailan. Hala, diru publikoa eta elkartasun keinuak jasotzeran beharra" azpimarratu du lehendakariak. Elkartasuna ezinbestekoa zaio laborantxaren egoera orokorra kontutan hartuz gaineratu du Berhocoirigoinek.
Sustengu eta elkartasuna osoa helarazi dio Ixabel Etxeberriak EHA-ren izenean. "Gure zerrendaren helburua hemengo egituren antolaketa bultzatzea da, hemengo instituzioen eraketan apostu egiten dugun bezala. EHLG labarantzako instituzioa izanik, noski gure babesa eskaintzen diogula" azaldu du Etxeberriak.
Horrez gain, EHLG-ak defenditzen duen laborantza iraunkorraren politikarekin bat egiten duela adierazi du zerrenda buruak.
Autodeterminazioa ezinbestekoa
Euskal Herriak, laborantza arloan bezala, beste alorretan instituzio propioak behar dituelako Europari autodeterinazioaren eskubidea galdegiten dio EHA-k. "Euskal Herriko Laborantza Ganbara sektore bat da eta beste sektoreetan gisa bereko instituzioak bultzatu nahi ditugu. Hortan ari gira gure zerrendako kideak, ondoan ditugun partaideekin" azpimarratu du Etxeberriak.
Izan ere, "Euskal Herriaren lehentasunetan sartzen dira gisa bereko egituren babesa eta bultzadak, bai Europari begira, bai eta hemengo herritarrei begira" gogora ekarri du Ixabel Etxeberria EHAko zerrenda buruak.





