EHAren alde eginez «gazteon ahotsa entzunaraziko dutela» adierazi dute

Argitaratua: 2009-05-11 09:54:11

Gazte talde batek agerraldia egin du, joan den larunbatean Baionan, Euskal Herriaren Alde (EHA) hautagaitza ezkertiar eta abertzaleari bere sostengua adierazteko. Europan nagusitzen den eredu liberala aitzinean Euskal Herriaren aitortza aldarrikatu eta kanpainian zehar «gazteon ahotsa entzunarazi» nahi dutela adierazi dute.

Euskararen ofizialtasunaren alde, lurra eta etxebizitzaren alde, bertso eskola eta dantza taldeen bidez euskal kulturaren alde edo gaztetxeen alde agertuz, eguneroko jardueraren bidez Euskal Herria eraikitzen dihardutela azpimarratu dute agerraldia burutu duten gazteek.

Bir maneran, gazte abertzale eta ezkertiarrak izanik, eta hauteskunde europarrak begi bistan izanik, «gazteon ahotsa presente izatea garrantzitsua bezain beharrezkoa deritzogu»

Bere erranetan, «Europa liberala auzitan ezartzeko arrazoi sendoak badira». Bestealde, «herrien Europa deuseztatzeko» saioen aitzinean, «baldintza baikorrak badira: 2005ean Irlandan eta Frantziako populuak konstituzio europarrari ezezkoa eman eta ituna geldiaraztea lortu zuen».

«Testuinguru honetan, kapitalismoa behin betiko garaitu eta bestelako eredu soziala eraikitzeko aukerak parez pare ditugu. Ez da ameskeria, Hego Ameriketan erreferentzia bat eraikitzen ari den moduan, Europan ere posible egingo dugu», azaldu dute gazteek.
Finean, «Euskal Herria desagertu ez eta aitortua zein errespetatua izan dadin, Europak baliagarriak diren hainbat lege barnebiltzen dituela» oroitarazi dute. Hartara, «Europak herri gutxituak egituratzeko baimentzen duen instituzioa autonomia da; Bartzelonan sinaturiko itunean hizkuntz gutxituen aitortza barnebiltzen du, eta NBEren konbentzioak autodeterminazio eskubidea barnebiltzen duela» azpimarratu dute.

Honen bestez, hauteskunde europarretan «herri gisa ekimen politiko eta ahots bateratu gisa aurkezteak duen balorea azpimarratu» nahi izan dute. Ildo beretik, «hautagai bakarra EHAko zerrenda izanik, EHAren aldeko boza koherentea galdegiteko deia luzatu nahi dugu euskal gazte abertzale eta ezkertiar orori».

Azkenik, maiatzaren 23an Baionan antolatzen duten gazte egunerako deia luzatu dute. Egun horretan, 16.30 manifa alaitua eginen dute Herriko Etxetik; 18.00tan bertso poteoa, eta 22.00eta kontzertua Napoleon gelan.

(Xehetasun guziak: http://bozkaabertzale.eu)


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi