«Ofizialtasuna hizkuntzarendako izozmendiaren punta dela» gogoratu du Euskal Herrian Euskaraz taldeak
Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak "Ofizialtasuna betiko leloa, betiko beharra" titulupean 12 orrialdeko liburuxka banatuko du Ipar Euskal Herrian hizkuntza eskubideen aldeko borrokan azken urteetan eman diren aitzinamenduak zein «barneratu diren ideia faltsuak» aurrez-aurre ezarriz. Ofizialtasuna bultzatzeko bidean, arloz-alor eta bereziki eskolan -imertsio sistema hautatuz- eta herriko etxeetan -euskara administrazioan erabiltzeko eskubidea aldarratuz- lan egiteko beharra nabarmendu dute.
Maite UBIRIA | BAIONA
EHEK abiatutako ekimen berriaren nondik-norakoak azaldu dituzte Yves Matxikotek eta Igone Lamarainek gaur goizean Baionan eskeini duten prentsaurrekoan. Lehenik eta behin, EHEk hizkuntza eskubideen aldeko borrokan istorikoki jorratu duen bidea laburbildu dute. Bere erranetan, bi helburu nagusi izan dituzte: alde batetik, hizkuntz eskubideen aurkako jarrerak salatzea eta, bestetik, euskaldunen konzientzi harraraztea.
Helburu horiek betetzeko bidean, ofizialtasuna izan dela betidanik EHEk sostengatu duen aldarrikapena gaineratu du Matxikotek. «Izan ere, ofizialtasuna, lema hutsa baino askoz behiago bada, nolabait hizkuntzarendako izozmendiaren punta da», azpimarratu du.
Hizkuntza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala eta Eurokarta lege marko gisa aldarrikatu eta gero, «Estatu frantsesak egunerokotasunean daraman politika glotozida» salatu du EHEko kideak.
Espreski, ofizialtasunaren aldeko ibilbidearen argi-ilunak jorratzen ditu EHEk gaur aurkeztu duen liburuxkan. Ondorengo asteotan 5 000 bat ale banatuko dituzte Iparraldean. Lan horretan, ofizialtasunaren bidez zer aldarrikatzen den argitu nahi izan dute. Bir maneran, «barneratuak izan diren idei faltsuak agerian utzi nahi izan ditugu», azaldu dute. Adibide bezala «eskola elebidunaren dagoen mitoa» aipatu du Matxikotek, horren ordez «imertsio sistema eskola guzi-guzietan» orokortzeko beharra defendatu duelarik.
«Beste mitoa» deuseztatu nahi izan du EHEk. «Euskaldunon errua dela euskara galtzea sinestarazi nahi digute, justuki debekuak eta trabak baizik ez ditugunean atxematen euskaraz bizitzeko», azaldu dute.
Zentzu horretan, Unescoren mapa argitaratu ondoren, Euskal Erakunde Publikoaren lehendakari ordea den Frantxua Maitiak eginiko adierazpenak «lotsagarriak» direla esan ondoren, EAEn aurreikustzen den gobernu aldaketaren aitzinean Iparraldeko hainbat eragilek azaldutako kezkak ez dituztela ulertzen aitortu du EHEk.
«Ez zaigu normala iruditzen gure hizkuntzaren gorabeherak hauteskunde batzuek eraginak izatea ez da gure hizkuntza komunitatearen zatiketan oinarritzen den administrazio baten esku uztea euskararen geroa», azaldu dute.
Hala eta guziz ere, herritarrek euskarari azaltzen dioten atxikimendua handituz doala nabarmendu izan nahi dute gaurko agerraldian, eta horren adibidea jo du Igone Lamarainek laster abiatuko den Korrika.
Euskaldunen «jarrera tinkoa» ezinbestekoa jo dute euskararen aldeko politika eraginkorrak bultzatzeko. Hala, euskararen alde aldi oro eta arlo guzietan egitearen beharra azpimarratzearekin batera, dei berezia zabaldu nahi izan dute herriko etxeetan eragiteko, «delibero eredugarrietan oinarrituz, euskararen aldeko neurri konkretuak har daitezen».







