Baionako auzitegiak EHLG eta Berhokoirigoin errugabetu ondoren helegitea ez duela aurkeztuko iragarri du Paueko Ganberak

Argitaratua: 2009-03-26 17:21:06

Baionako Auzitegiak zigorrik gabe utzi zuen atzo  Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta bere lehendakari den Mixel Berhokoirigoin. Ebazpenaren berri izan bezain pronto, "seguraski" helegitea ezarriko zuela iragarri zuen Paueko Laborantza Ganberako abokatuak. Alta, Paueko nekazal erakundea iturri gisa aipatuz, Mixel Axolabehere buru duen ganberak ez duela helegitea ezarriko iragarri du gaur goizean irratiak.

Maite UBIRIA | BAIONA
2005eko ekainaren 5ean Pirinio Atlantikoen prefetak pausatutako plentan galdatua zitzaion prokuradoreari auzibidera zezan EHLG elkartea beraren egitekoa Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganbara.

Hartara, Errepublikaren prokuradoreak, 2009ko uztailaren 16ean, agiri ofiziala egin zuen Mixel Berhokoirigoin, elkartearen sortzaile eta lehendakarien kontra. Agiri horretan oinarriturik, elkartearen deuseztatzea eta lehendakariarentzat urte bateko presondegia eta 15 000 euroko isuna eskatu zuen akusazioak joan den urtarrilaren 29an burutu zen epaiketan.

Ostegun arratsaldean ezagutu da auzitegiaren emaitza. Biak zirelarik epaileak EHLGren lehendakaria deitu du bere aurrean azaltzeko. Ondoren, bere erabakia jakinarazi dio. EHLGren elkartearen eta Mixel Berhokoirigoinen kontra zigorrik ez du ezarri epaileak. Hau da Euskal Herriko Laborantza Ganbararen eta bere lehendakariaren jardueran deliturik atxeman ez duenez, errugabetu ditu epaileak. Odorioz, aitzina begira bere jarduerarekin segituko du Gaberak, ez duela ez izaerarik ez da deiturarik ere aldatu behar.

Epailearen erabakiaren argudioak sakonki aztertu ondotik helegitea jarriko duen edo ez erabakiko duela azaldu du M. Casadebaig-ek. Izan ere, bere ustez erabakia «justua» ez izanik «segur aski» helegitea ezarriko dutela iragarri du. Ostiral goizean, ordea, Paueko Laborantza Ganbera informazio iturri gisa aipatuz, erakunde honek ez duela errekurtsorik ezarriko ebazpenaren aurka zabaldu du irratiak.

Euskal Herriaren «berezitasunak»
Ostegunean ezagututako ebazpenean, epaileak azken lau urtetan EHLG eta Berhokoirigoien aurka Paueko Laborantza Ganberak -eta bere ondoan prefetak- eginiko akusazio nagusiak deusestatzen ditu.

Lehenik eta behin, epaileak defentsaren argudioa gogora ekartzen du, hau da Laborantza Ganbera sortzeko egitasmoa «Euskal Herriaren berezitasun kulturala eta identitarioaren aldarrikapen orokor barruan» kokatzen dela irakurri daiteke ebazpenean.

Ondoren, bertan behera uzten ditu jujeak Paueko Ganbarak eta prefetak erabilitako argudio guziak. Epailearen ustez Paueko eta Ainiza-Monjoloseko erakundeen artean «nahasmenik» ez da suertatu. Ez eguneroko jardueran, ez da izenari burur ere. Argudio «deigarria» erabiltzen du epaileak izenaren ika-mika baztertzeko. EHLGk izen euskalduna ukaiteak «edozein nahasmena ekiditen duela» erraiten du epaileak, bere ustez jende orok argi baitu «edozein erakunde frantsesak izena frantsesa duela».

Bestalde, EHLG ez dela sartu Paueko Ganberako konpetentzi eremuan aldarrikatzen du ebazpenak. Hau da «konkurrentziarik» ez dela egon azpimarratzen du jujeak.

Etchegaray-en esanetan, «epaileak aldarrikapen eskubidea eta ideien askatasuna» babesten ditu bere deliberoan. Finean, «demokraziaren mesederako» harturiko erabakia dela ondorioztatu du EHLGren defentsak, eta horrela azpimarratu du baita ere Berhokoirigoinek.

Kalean mintzo.... eta besta prestatzen
Epailearen erabakia ezagutu bezain laster kalera atera da EHLGren ordezkaria, bertan bildutako jendearen aurrean «irabazi dugu!» erranez epailearen erabakia laburbildu duelarik. Gisa beran, «ehunka, milaka lagunek egin duten lan andana» eskertu nahi izan du ELB sindikatuaren sortzaileak.

«Gaurko mintzaldi honetarako bi papera prestatu nituen badaezpada» hasi da esanez, eta irrifar batekin «errexena irakurtzea suertatzen zait» gaineratu du EHLGren lehendakariak. Auzitegi aitzinean ziren lagunak txaloka erantzun diote EHLGren lehendakariari.

«Lehen, gure lana segitzearen garrantzia azpimarratzen ginuen eta orain gure lanarekin segitzeko arrazoia handiagoa da, atzo baino arrazoi gehiago bait dugu» nabarmendu du.

Epaileak absolbitu duela-eta Michel Berhokoirigoin «pozik» agertu da «emaitza honek justiziaren independentzia erakusten duelako».

Aitzina begira, EHLGk duen «helburu bakarra» lortzeko, «hau da laborantxa herrikoia eta iraunkorra bultzatzeko» lanean segituko dutela gaineratu du Berhokoirigoinek.

Izan ere, horren aurretik «garaipena ospatuko dugu», esan du. Hala, apirilaren 3an, Ainiza-Monjolosen, EHLGren egoitzan, besta egiteko hitzordua ezarri du.

Irakur ere: «Euskal Herriko Laborantza Ganbara azkarturik ateratzen da»


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

icon

ikatza

2009-03-26

Zorionak Laborantza Ganbarari!

icon

Aiskidea

2009-03-26

Lehen burruka baino ez da, baina pozteko berria da. Oraindik lan gehiago egin beharko da, egunerokoan eta auzitegietan, administrazio frantsesak EHLG begiz jota baitu.

icon

Karmele

2009-03-27

Zorionak ganberarentzat.
Lan bikaina

Komentarioa idatzi