Ehunka lagunek giza katea osatu dute Cassin-en sortetxetik eta Suprefeturaraino EHLGren sostenguz

Argitaratua: 2010-02-06 17:44:22

Goizeko 11etan ezarria zen hitzordua eta euria jeuts ahala ari bazen ere bostehun lagunetik gora elkartu dira tenore horretan Baionako Herriko Etxearen aitzinean. Bertan, Rey prefetak egindako adierazpenei erantzunez, elkarteen askatasuna errespetatzeko eta EHLG bakean lan egitea uzteko dei egin dute Euskal Herriko Giza Eskubideen ordezkari eta Ganbarako bozeramaleek. Ondoren, ehunka herritarren eskuak elkar lotu dira Laborantxa Ganbararen defentsan giza kate erraldoi eta koloretsua osatzeko.

Maite UBIRIA / BAIONA
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren aitaren sortetxetik eta Baionako Suprefetura bitartea ehunka eta ehunka herritarrek Euskal Herriko Laborantza Ganbarak bakean bizi eta lan egiten segitu behar duela aldarrikatu dute. Ganberako lagunek zabaldutako deia arrakasta handia izan du eta aroa batere goxoa ez bazen ere jende anitz bildu da Ainizako elkarteari bere sostengua adierazteko.

Badira bost urtetik hunat EHLG elkartea laborantza herrikoi eta iraunkorraren alde lan eraginkorra burutzen ari da. Maryse Cachenaut, EHLGren lehendakari ordeak gogora ekarri duenez, elkartearen zerbitzuek " ehunka laborari hunkitu dituzte eta hautetsi andana batek EHLGren lana baliagarri zela ezagutu dute argiki".

Eragile politikoak ez dira falta gaurko mobilizazioan. Besteak beste Mixel Galant, Garazi-Baigorri Herri Elkargoaren lehendakaria, Frantxua Matia, PSeko eskualde kontseilaria, Jean Lissar, Euskal Herriko Berdeaken ordezkaria, Christine Bessonart, Senpereko auzapeza, Rene Echegaray eta Aitor Arandia, Baionako herri kontseilariak, eta Abertzaleen eta Batasunako ordezkariak izan dira giza katean.

Kultur eragileek ez diote muzin egin EHLGren Lagunak elkarteak eginiko deiari. Besteak beste Mixel Oronos, Euskal Konfederazioaren ordezkaria, eta Peio eta Pantxo abeslariak presente izan dira Baionan eginiko mobilizazioan.

Bost urte hauetan botere hauetan publikoen eskutik EHLGk jaso dituen erasoak biltzen dituen "Jazarpenaren Liburu Beltza" idatzi duen Mixel Bidegain erakaslea bertan izan da ere bai.

Philippe Rey prefetak EHLG kari egindako azken adierazpenak aipatu ditu, bestalde, Euskal Herriko Giza Eskubideen ordezkariak, Christian Despres-ek. Giza eskubideen Adierazpenak jasotzen dituen bi oinarrizko eskubide, hala nola elkarteen askatasuna eta erregabetasun eskubidea, urratu dituela prefetak salatu du.

Preseski eskubide horiek aldarrikatuak izan dira giza katean. Euskaraz eta frantsesez idatzitako hainbat lelo zabaldu dituzte herritarrek: "Utz EHLG bakean bizitzen eta lan egiten", "Elkarte askatasunaren errespetua ", "Giza eskubideen aldarrikapen unibertsalaren 20 artikuluari errespetua"... Eskubide horiek defendatuko dituzte, berriz ere, heldu den otsailaren 18an, Pauen. Mixel Berhokoirigoin, EHLGren kontrako Dei Auzia kari, elkartasuna biderkatzeko deia zabalduz amaitu baita Baionako mobilizazioa.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

icon

hocine

2010-02-07

errugabetasuna

Komentarioa idatzi