Ekai Alkorta urretxuarra atzeman du Poliziak Baionan, eta Xan Beyrie gazte kanbotarra Fleuryn espetxeraru dute

Argitaratua: 2009-07-23 16:27:00

Frantziako Poliziak Ekai Alkorta atzeman du goiz huntan Baionan. Urretxun sortua, azken urtetan Baionan bizi zen 38 urteko emaztea. Lanerako bidean atxilotu du Poliziak. Lekukoek azaldu dutenez, poliziek Pariserat laster eramaten dutela iragarri diote Alkortari. Atxiloketa berri hau salatzeko elgarretaratzea eginen dute arratsalde honetan, 18.30etan, Baionako komisaldegiaren aitzinean. Bestalde, jakin berri dugunez, Xan Beyrie gazte kanbotarra Fleury-Mérogiseko espetxean sartu dute.

11.00etan bizikletaz lanera zihoala -Bilgune izeneko udalekuan haurrekin egiten du lan Ekai Alkortak- atzeman du Poliziak Baionan. Kanadan urte batzuk bizi ondoren, azkenaldian Lapurdin bizi zen emazte gaztea. Seaskan lan egin du eta, uda honetan, Baionan, Bilgune izeneko udalekuan, lan egiten zuen.

Baionan bizi zen eta, espreski, etxetik lanera zihoala atzeman du Frantziako Poliziak.

Beyrie, espetxera
Bestalde, Pariseko Instrukzio Ganbararen aitzinean eraman dute gaur Xan Beyrie gaztea. Frantziako Poliziak joan den ekainaren 27tik aitzin gazteen aurka burutu zuen operazioan atzeman zuten Beyrie, eta inkomunikazio egoeran egun batzu eman ondoren aske gelditu zen gazte kanbotarra. Alta, prokuradoreak espetxe eta askatasun epaileak harturiko erabakiaren kontra helegitea ezarri zuen.

Geroztik, zonbait kontrol neurri ezarri zizkioten gazteari. Hartara, hiru epailez osatzen duten Instrukzio Auzitegian eraman dute gaur eta ganbara horrek Beyrie espetxeratzeko agindua eman berri duela jakin du Kazeta.infok. Pariseko Fleury-Mérogiseko presondegirat eraman dute gazte kanbotarra.

( Irakur ere: Alain Berastegi gazte nafarrak zazpi orduz bahitua eta torturatua izan dela salatu du )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

icon

Lagun bat

2009-07-24

Milesker komentario zozo horiek kentzeagatik. Animo bihotza!

Komentarioa idatzi