Ekainaren 7an AHT-ri buruz erreferendumak eginen dituzte Lehuntze, Milafranga eta Hiriburun
Europako hauteskundeak ekainaren 7an igaroko dira, eta kari horretara, CADE inguramen kolektiboak Lehuntze, Milafranga eta Hiriburuko herritarrak AHT linea berriari buruz iritzia eman dezaten deitu ditu. Uztaritze eta Mugerren herri hauteskundeen karietara antolatuak izan ziren AHT linea berriari buruzko erreferendumekin jarraitzea erabaki du CADE inguramen babeserako kolektiboak.
Ainize BUTRON
Ekainaren 7an Europako hauteskundeak eginen direla-eta, egun berean, Lehuntze, Hiriburu eta Milafrangan bozkaguneak kokatuko ditu, herritarrek AHT linea berriaren inguruan beraien iritzia agertu dezaten.
Aurreko bi mota bereko ekimenetan linea berriaren aurkako jarrerak gehiengoa jaso zuenez, beste hiru erreferendum horien bidez, «herritarrek linea berriaren proiektuari ematen dioten harreraren irudi» zehatz bat ukatea nahi du CADEk.
Burdinbide sarea kudeatzen duen RFF frantses egiturak proiektuari begira ematen dituen aurrerapausoei mobilizazioaren bidez erantzuteko ahalik ez zutela onartu du Victor Pachon CADEko arduradunak. Horregatik, «gure aukera bakarra herritarren ahal bezain hurbileko informazio bilkurak antolatzea da», nabarmendu du asteazken goizean CADk eskeini duen prentsaurrean.
Horrela, RFFekin izandako otsailaren 10eko azken agerpenaren ondotik, herrietan bilerak antolatzen aritu da kolektiboa, eta orotara, bi mila bostehun bat lagun hurbildu zaizkiela azpimarratu du Pachonek.
Herriko Etxeen baimenarekin
Azken hiru erreferendumak herriko etxearen baimenarekin antolatuko dira, eta CADEk proiektuari babesa ematen dieten egiturak ekimen horretan parte hartzea deitu ditu.
Herritarrekin batera, hautetsien gehiengoa ere beraien erranekin bat egiten dutela azpimarratu du CADEko bozeramaleak. «Proiektuari buruz ikerketa independientea lantzen ari den ikerketa bulegoaren emaitzen bea gaude, eta espero dugu horiek ere gure esanekin bat eginen dutela», gaineratu duelarik.
Finean, heldu den ekainaren 13an, Uztaritzen, garraioari buruzko urteroko eztabaida antolatuko duela CADEk gogoratu dute gaurko agerraldian. Aurten tren merkantziak aipatuko dituzte Sindikatu eta bide garrioen frantses federakuntza bertan izango direlarik.





