ELB sindikatuak APLI elkarteak bultzatuko duen behi esne ekoizleen greba egileak sustengatuko ditu
APLI elkartearekin bilkura egin ondoan, ELB sindikatuak bakoitzaren aldarrikapenak eta arrangurak amankomunak direla adierazi du. Hala, ELB sindikatua greban engaiatuko diren esne egile guzieri sustengua ekarriko duela eta beste ekintza mota batzu antolatuko dituela adierazi du agiri baten bidez.
Uda osoan zehar APLI elkarteak (Esne Ekoizle Independenteen Elkartea) errepide bazterrean pausatu dituen banderolak ezin zitezkeen huts egin. "Behi esne ekoizleak istante greban" irakur zitekeen leku guzietan pausatuak izan ziren banderolen gainean.
Behi esne ekoizleen egoeraz mintzatzeko, ELB sindikatua eta APLI elkartearen arteko bilkura burutu da irailaren 4ean eta bi egiturek egoeraren irakurketa berdina egiten dutela adierazi du ELB sindikatuak agiri baten bidez.
"Esne prezioaren ekoizteko heina gastuak baino apalagoak direla, prezio onargarrian paga daitekeen merkatua baino aise esne gehiago ekoizten dela eta gaur egun eramaten den esne politika liberalaren ondorioz, baserri guneak husten direla azpimarratu dute bi aldeek bilkuran" azaltzen du ELB sindikatuak.
ELB sindikatuak bilkuran betidanik defendiatzen dituen helburuak mahain gaineratu dituela adierazi du ere. Lehenik, ELB-k uste du lanaren balioa eta ekoizpen gastuak ordaintzen dituen prezio bat finkatzearen beharra ezinbestekoa dela esne ekoizleek beren lanaz bizi daitezen. Merkatuaren heinean esnearen produkzioa jartzearen garrantzia defenditzen du ere ELB-k. Izan ere, Esnearen produkzioa neurtzearen alde agertu dira bi aldeak.
Azkenik, ekoizleak esnetegien menpe ezartzen dituen kontratazioen baztertzearen beharra azpimarratu dute ELB eta APLI elkarteak irailaren 4eko bilkuran. Bestetik, lurraldean egin ahala laborari biziarazteko xedez, oinarrizko beste pundu batzu defendiatu ditu ELBk bilkura horren karietan.
"Besteak beste, esne ekoizpenaren banaketa zuzenagoaren beharra eta esne sistemen intensifikazio eta industrializatzearen lanjerrak mahain gaineratu ditugu ostiraleko bilkuran" azaltzen du ELB sindikatuak igorri agirian.
Egoera larria
ELB sindikatuak azken hilabete hauetan hainbat manifestaldi burutu ditu behi esne ekoizleek pairatzen duten egoera larria salatzeko. Asteak dira orain, esne ekoizleek beren geroa arriskuan dela eta gaur egungo politikaren ondorioz hil zorian direla azaltzeko.
Maleruski, "podere publikoek, enpresek eta esne sektoreko kudeatzaileak laborarien arrangura handia ez dute neurtzen eta izan diren ekintza eta manifestaldi ezberdinek ez dute ihardokitzerik sortu" adierazten du ELB-k
Egoera hunen aitzinean, gaur egun esne ekoizleak APLIrekin, eta EMBrekin Europa mailan, esne grebaren abiatzea antolatzen ari dira. "Egoeraren larritasun ikaragarria irudikatzen duen erabakia da honako hau, hots azken puntako erabaki pertsonala" uste du ELB-k.
ELB-k greban ez duela zuzenean parte hartuko azaldu du agirian, baina greban engaiatuko diren esne egile guzieri sustengua ekarriko duela eta beste ekintza mota batzu antolatuko dituela adierazi du.
Ikus: ELBko behi ekoizleak suprefeturaren aitzinean bildu dira, behi esnearen ekoizpena desargetzekotan dela salatzeko
Ikus: Laborariek esnea urririk banatu dute atzo BAB2 aitzinean, Frantzia osoan gaur izanen den protesta egunaren bezperan




