ELBren ustez, jitez aldatu lur sagarra baliogabekoa eta lanjerosa da
Europako Batasunak genetikoki aldatutako lur sagar mota baten ekoizpena baimendu zuen joan den astean. Berez patata hori zelulosa baliatzeko eginen dute eta papera egiteko erabiliko dute gehienbat. Alta, azken hondakinek abereak elikatzeko baliatu ditzakete. ELB sindikatak bere kezka azaldu du.
Honan hemen ELB sindikatak igorritako prentsa-oharra:
«Laborarien kalitatearen aldeko urratsak aktualitate erdian direlarik aste huntan, egunero laborantxa industrialak laborarien desagertzea eragiten duelarik, Europako komisioak jitez aldatu lursagar baten kultura baimendu du, « industria mailan erabiltzeko ».
Lur sagar batean ez da kanpoko geno batzu sartze beharrik, ohidurazko selekzioneak errexki emaitza berdinak eskaintzen ditu. Baimendu lursagar transgenikoak amilopectina hein azkarra du : abantail berdina duen lursagar mota sortu dute Alemanian, ohidurazko selekzio metodoak erabiliz, Europlant egiturak eraman proietu baten bidez.
Transgenikoaren teknikan interes pribatua baizik ez dago : jabetza eskubideen metatzea bizia aldatzen eta berenganatzen duten enpresa farmatico-kimikoen eskutan.
Lursagar transgenikoari doakionez, antibiotika baten kontrako geno bat izaitea zinezko irriskua da osasun publikoarendako. Geno horren hedatzeak kontrako bakterien sortzea eragin lezake. Medikuntza lanjer hortarik kanpo utzi behar da.
Lurraldeak eta laborariak baztertzen dituen laboratorioko laborantxa hori salatzen du ELBk.
Hauteskunde garaian izanki, kalitatezko urratsen alde eta transgenikorik gabeko laborantxaren alde engaiamendua har dezaten hautagaiek galdegiten die ELBk».




