Roussetek lurralde kolektibitateen erreforma bertan behera uztea eskatu du eta Darcosek postua lanjeran du

Argitaratua: 2010-03-22 13:59:32

François Fillon lehen ministroa, buru makur, atzo Matignonen.

Eskualdeko Hauteskundeetako biharamuna mingotsa utzi dute. Ez guziendako, bistan da. PS pozez zoratzen dago atzo eskuratutako emaitzekin. Alsazia kenduta, gainerako eskualdetan gobernuan dira. Hala ere, koalizioen bidez lortu dutela garaipena ezin ahantzi. Horregatik denen ahotan dagoen galdera hauxe da: behingoz ezkerreko alderdiek estrategia eraginkorra sustatuko dute bi urteren buruan Eliseoa hartzeko ? Pirinio Atlantikoetako Departamenduan Lasserrek aintzinamendu handia egin du. Lamassourengandik puntu batera geratu da. Batera plataformak, bere aldetik, Euskal Herriko eraundetzeari buruzko eztabaida mahaigainean ezartzea lortu du. Roussetek lurralde kolektibitateen erreforma bertan behera uzteko aldarrikatu du. Eta Darcos ? Lan ministroak, 2004ean bezala, porrot itzela hartu du. Hori gutxi balitz bihar sindikatuen protesta izanen da Frantzian. Gobernuaren birmoldaketa bada Darcos bere postua atxikitzeko gai al da?

Maite UBIRIA | BAIONA
Erretreta sistemaren erreforma kudeatzeko indar aski izanen al du bihar bertan greba mugimenduaren desafioari aurre egin behar dion Frantziako Lan ministroak ? Atzo porrot nabarmena ukan du Xavier Darcosek Akitaniako eskualdetako bozetan. Orohar eta baita Euskal Herrian ere Alain Rousset sozialistak alde handia atera dio Darcosi. UMPk Pirinio-Atlantikoetan ezarritako zerrenda-buruak, Alain Lamassourek, ez du xantza handiagoa ukan. Jean Jacques Laserre zentristari puntu bateko aldea baizik ez dio atera.

Goiz huntan, François Fillon lehen ministroa Eliseora joan da. Oren t'erdiz mintzatu da Nicolas Sarkozyrekin. Ez du bere dimisioa aurkeztu. Hala eta guztiz ere, gorbenu aldaketa, murritza bada ere, ezinbestekoa dirudi atzo UMPk pairatu duen zigorraren tamaina ikusita. Alsaziako gobernua atxiki du soilik hexagonoan.

Hauteskundeetan aurkeztu diren ministro eta estatu idazkari gehienek emaitza oso txarrak hartu dituzte. Birmoldaketaren orenean zein izanen dira postua galtzeko lanjeran diren ministroak ?

Bistan da Lan ministroa oso egoera zailean dagoela. Atzo Rousseten aintzinean ehundoko jipoia jaso eta gero bihar greba mugimenduaren eraginari aurre egin beharko dio Xavier Darcosek. Baldintza horietan, indar aski al du UMPko Akitaniako zerrenda-buruak erretreta sistemaren erreforma kudeatzeko ?

"Libération" egunkariaren ustez, Eric Besson, Inmigrazio ministroaren egoera ez da goxoagoa. Indentitateari buruzko eztabaida ez da ondo pasa berarendako, eta horren uzta zeinek hartu duen konturatzeko Front Nationalek eginiko emaitzak begiratzea besterik ez da behar.

2004ko hauteskundeekin aldenduta ultraeskuindarrek behera egin dutela arbuiatu du Bessonek. Hala ere azken lauzpabost urtetan ospatutako bozketetan malda behera zegoen Le Pen-en alderdiak berriz ere buruz altxatu duela eskualdetako hauteskundeetan ezin da ukatu.

( Irakur ere: 2004ean bezala, 7 euskal ordezkari izanen dira Bordeleko kontseilu berrian )

( Irakur ere: Roussetek aise irabazi du Ipar Euskal Herrian eta Lasserrek emaitza onak jaso ditu )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi