Esne ekoizleek greba egitea aurreikusten dute eta aintzinetik kontsumitzaileak sentsibilizatu nahi dituzte
Bruselak esne ekoizpena kari irizpide berriak ezarri nahi ditu. Udaberritik gaurdaino mota askotako protesta bultzatu dituzte esne ekozleek egitasmo horien aurrean bere kexa agertzeko eta, oro har, esneak eginen duen prezio apala dela-eta laborariek pairatzen duten egoeraz oharrarazteko. ELB sindikatua ikusi dugu azken hilebetetan prefetura blokeatuz edo esnea dohainik banatuz BABen. Gaur, Saran, Europa mailan prestatzen den protestarekin bat eginen duen APLI-EMB elkarteak agerraldia burutu du.
30 bat laborari bildu dira Saran kontsumitzaileei mezu zehatza pasatzeko asmoz: «Ekoizleak prezio zuzena eskatzeak ez du inondik inora herritarraren eros-ahalmena kaltetu behar». Laster eske ekoizleek greba eginen dutela azaldu dute protesta hori «fite datorrela» azaltzen duen afitxa baten ondoan.
Esne ekoizle independenteak biltzen dira APLI-EMBn. Mugimendu horren lan eremua ez da espreski Ipar Euskal Herria, baina euskal esne ekoizle badira europar elkartean. Hala nola, Saran eginiko ekitaldian Xabi Hastaran xiberutarrak hartu du hitza, bere ondoan, besteak beste, Donapaleu, Itsasu eta Sarako laborariak zituen.
Europa mailan sentituko dela protesta azaldu dute, Bruselak abian ezarri nahi duen eske ekoizpen eredu berriak herrialde anitzetan eraginak izanen baititu.
Joan den hilabetean eginiko agerraldi batean, Hego Euskal Herriko behi ekoizleek gaur Saran entzun dugun mezu antzekoa pasatu zuten jadanik. Berez, 2015ean kuota sistema desagertzearen aurka eta ekoizpenaren kontrolaren alde ekoizpen ereduaren aldaketa sustatzeko eskatu zioten EHNE eta ENB sindikatuetako ordezkariek administrazioei, «esne ekoizpenak ezin duelako merkatuen espekulaziora loturik egon».
Bereziki letxeria eta esne ekoizleen artean proposatzen den kontratua dela-eta bere kezka azaldu dute gaur Saran greba mugimendua prestatzeko bildutako behi ekoizleek. Euskal Herrian esnetegi tipiak izanik arazoa ez dute eremu hurbilean kokatzen. Izan ere, Bruselak sustatu nahi duen ekoizpen eredu berriak industri handien pizua handituko duelakoz beldur dira.
Aipaturiko kontratu horrek, laburki, bi prezio ezartzen ditu. Bata, kalitate handiko esnearendako eta beste bat, apalagoa, «gama baxuago» produktuen ekoizpenean -gurinak, esne-hautsa...- erabiltzen ohi den esnearendako. Esne ekoizleen ustez, horrek laborariek prezioak finkatzeko ahalmena ahulduko du.
Abeltzainek ekoizpenaren bolumenak «errealitateari» erantzun behar diola uste dute. Bir maneran, prezioen eztabaida idekia mantendu nahi dute merkatuaren egoera aldatzen denean horrek prezioetan islatu dezan.
«Prezio zuzena» aldarrikatzen dutela nabarmendu dute eta bere eskaera horrekin ez dutela kontsumitzailea kaltetu nahi azpimarratu dute. Eguna ez badute zehaztu ere, greba nola eginen duten azaldu dute. Esnea saltzeari eginen diote eta beren etxaldetan jendeari dohan emanen diote esnea greba abiatuko denean. Banatu gabe gelditzen den esnea «irizpide ekologikoak errespetatuz» botako dute.
Bir maneran ez dute Ipar Euskal Herriko errepideak baliatuz esnea beste herrialdetara eramaten dituzten kamioak blokeatzeko asmorik. Horrela azaltzen dute elkarteak duen webgunean, bederen. Herritarren sensibilizazioa areagotzeko nahian bide nagusietan afitxak ezarriko dituzte.





