Ipar Euskal Herriko esnegileek greba abiatu dute
Azken aste hauetan etengabe aipatua izan den esne greba abiatzea deliberatu dute APLI elkarteko kideek. Parisen bilera egin dute APLIko kideek Europa mailan osatu den EMB mugimenduarekin eta eguerdi aldera eman dute berria: greba gaur berean abiatzen dute. Hau da arratsalde honetatik aitzin ez diete esnetegiei salduko eta herritarrei esnea zuzenean bere etxaldeeta banatuko diete.
Asteartean Bruselan iragan laborantza saileko ministroen bilkuratik landa deus aitzinatu ez dela kontutan harturik, gaur berean greba abiatzea deliberatu dute esnegileek. Goiz honetan Parisen bilera egin dute Estatu frantziarreko APLI elkarteko kideak eta protesta koordinatzen duen EMB europar mugimenduko kideak eguerdian jakitera eman dute bere erabakia.
Euskal Herriko esne ekoizle frangok parte hartuko du APLI (Esne Ekoizle Independenteen Elkartea) eta Europa mailan osatu den EMB sindikatuak proposatu esne greban. Arratsalde huntan, usaian egiten dutena baino, esnetegiei edo industriarrei esnea ez diete banatuko laborariek.
Kontsumitzaileak kaltetuak ez izateko, greban zuzenean parte hartzen duten laborarien etxaldeetara joaten ahalko dira herritarrak esnearen bila. Esne soberakina, berriz, jaurtikiko dute.
Hil ala biziko hautua
Gaur egun esne prezioaren ekoizteko heina gastuak baino apalagoak direla kontutan hartuz, etxalde anitz hil zorian dago. Gainera, egoera larri honen aitzinean, Estatuen laguntzarik gabe daude laborariak.
Baserri inguramena laborariz husteko arriskuaren aitzinean eta beren lanaz bizitzeko posibilitatea lortzeko, greba baten burutzearen beste hauturik ez dute laborariek ondorioz.
Esne prezioaren ekoizteko heina gastuak baino apalagoak direla, prezio onargarrian paga daitekeen merkatua baino aise esne gehiago ekoizten dela eta, gaur egun eramaten den esne politika liberalaren ondorioz, baserri guneak husten direla salatzen dute grebalariek.
Hala, esne ekoizleek beren lanaz bizi daitezen anaren balioa eta ekoizpen gastuak ordaintzen dituen prezio bat finkatzearen beharra, esnearen produkzioa merkatuaren heinean jartzea eta ekoizleak esnetegien menpe ezartzen dituen kontratazioen baztertzea galdegiten dute grebaren bitartez.
(Irakur ere: Esne ekoizleek greba aintzinetik kontsumitzaileak sentsibilizatu nahi dituzte )
(Irakur ere: ABk greba eginen duten esnegileak sostengatzen ditu )
(Irakur ere: ELBk APLI elkarteak bultzatuko duen behi esne ekoizleen grebalariak sustengatuko ditu )





