Espainiako Justiziak emandako erantzunak Mujikaren bahiketari buruzko ikerketa oztopatu dezake

Argitaratua: 2010-01-16 15:18:11

Bob EDME argazkia.

Joan den abenduan "Le Monde" egunkariak Jon Anzaren desagerpenari buruz erreportai sakona plazaratu zuen. Idatzian beste kasu bar aipatzen zen, Juan Mari Mujika errefuxiatuak 2008ko abenduan Donapaleun jazotako bahiketa eta galdezketa. Preseski, Espainiako lau telefono mugikorren aztarna segitzen zuela Baionako auzitegiak jasotzen zen artikuluan. Gaur, "El Correo espanol" kazetak jaso duenez, Madrilgo Auzitegi Nazionalak emandako erantzunak -telefonoen erabiltzaileak ezin dituztela identifikatu esanez- oztopo bilakatu daiteke Baionako auzitegiarentzat.

Juan Mari Mujika Dorrosorok 2008ko abenduaren 11an oren batzuetan bahitua izan zutela ustezko lau polizi espainiarrek salatu zuen agerraldi batean eta bere abokatuak Maritxu Paulus Basurkok salaketa ezarri zuen Baionako auzitegian.

Horren ondoren, Anne Kayannakisek ikerketa abian ezarri zuen, eta horren baitan Xiberoan bizi den Ataungo errefuxiatuaren lekukotasuna hartzea agindu zuen.

Salaketa aurkeztu eta aste batzuk beranduago Kayannakisek Laurent Tignolez jujearen eskutan utzi zuen ikerketa. Honek zabaldutako sumarioan bahiketaren delitua agertzen da. Bahiketa 7 egun baino gutxiago irau zuenez, Frantziako Zigor Kodeak 5 urteko kartzela zigorra eta 75 000 euroko isuna proposatzen du delitu horrendako.

Joan zen abenduan, Jon Anzaren desagerketa aipatuz, "Le Monde" egunkariak infirmazio garrantzitsua eman zuen Mujika kasuari buruz. Frantziako Poliziak Espainiako lau telefono mugikorren aztarna segitzen zuela aipatu zuen Pariseko kazetak. Aztarna horrek sinesgarritasun handiago eman ziola Mujikaren deklarazioari aipatzen du oraingoan Fernando Iturribarriak "El Correo"n plazaraturiko artikuluan.

Bilboko kazeta horrek plazaratu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aitzinean abiatu ikerketa batzordeak ez du emaitza onik lortu. Espainiako ez ohiko epaitegiak hauxe erantzun du: Mujikaren ustezko bahitzaileek erabilitako telefono mugikor horiek txartelaren sistemaren bidez kontratatu zituztela, eta horregatik ezinezkoa dela beren jabeak identifikatzea aipatzen du Madrilek.

Iaz geroztik ezinbestekoa da izena ematea mugikor bat erosteko unean, baina Mujika bahitu zuten garaian desmartxa hori ez zela derrigorrezkoa gaineratu dio Madrilgo auzitegiak Frantziako justiziari.

"El Correo espanol" kazetak agerian utzi duenez, erantzun ezkorrak "ez ditu ezustean harrapatu" Mujikaren kasuari buruz Baionan ikerketa burutzen duten polizi eta epaileak. Edonola ere, erantzun horrek "ikerketa bera irtenbiderik gabeko egoera batera" eraman dezakela uste du Bilboko kazetak.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

icon

Kantzilu utzi bakean

2010-01-17

Aurreko asteko Pello Olano lizartzaren atxiloketaren inguruko muntai polizialak zer pentsa ematen darrai gure artean. Ikusita horrelako muntai eta gezurrek bilatu ohi duten eragin mediatiko nahiz politikoez aparte, Iparraldean bizitza normala egiten duten errefuxiatuen kontra gezurrezko kargu eta delituez zipriztindu nahi izaten dute.

Kasu honetan Kantzilu, Juan Mari, kaltetu nahi izan dute bete betean. Eta hau zertara dator? Errepresioak aspaldi ez badu ere hanka ez bururik, ez dut uste kasualitatea izan denik Kantziluren kontrako atxiloketa agindua.

Jon Antzaren bahitzaileak Kantziluren bahitzaile berberak izan daitezkeela pentsatzea ez dut uste hastakeria denik. Eta horregatik uste dut Jon Antzaren hiltzaileen testigu bakarra Kantzilu bera dela. Eta PSOEren gobernuak testigu hau gainetik kendu nahi izan duela azkeneko muntai polizial honekin.

GAL garaian mertzenario eta polizia berak ibili ziren PSOEren agintepean gerra zikina kapitulu odoltsuenak aurrera eramaten. Gaur egun moduak eta helburuak aldatu badira ere, gerra zikina bertan dirau, eta PSOEren agintariek sortutako talde parapolizialak Euskal Herrian dabiltz lanean. Eta atzo bezela, gaur ere epaileak gerra zikina inpunitatez babesten jarraitzen dute.

Kantzilu elkartasun guztia erakusteaz gain, besarkada indartsu bat bidaltzen dizugu Goierritik. Guk ez ditugu txakur lumadunei kasu egiten. HIREKIN GAUDEK! EUTSI! LAISTER ARTE! ETXEAN NAHI ZAITUGU!

Komentarioa idatzi