Estatu ikuskariek EEPren lana balioztatu eta euskararen erabilpena sustatzeko zonbait gomendio eman dituzte
Barne, Hezkuntza eta Kultura eta Komunikazio ministerioek bidalitako ikuskariek bere ibilbidearen gainean burutu duten ebaluaketaren emaitza ezagutzera eman du gaur Euskararen Erakunde Publikoak. EEPren lana arautzen duen GIP delakoaren estatusa berrestatzearen alde agertzeaz gain, ikuskariek egituraren lan taldearen azkartzea proposatu dute. EEPren lana orohar ontzat harturik, zonbait hutsune aipatu dituzte. Hala nola, transmisioak soilik ez duela euskararen biziraupena bermatuko adierazi dute txostengileek, erabilpena garatzeko neurri zehatzak aholkatuz. Besteak beste, hedabide publikoetan eta eguneroko ekintzetan (aisaldia aipatu dute, bereziki) euskararen prezentzia indartzeko gomendioa eman dute.
Maite UBIRIA | BAIONA
2009. urtean buruturiko ebaluaketaren emaitza jakitera eman dute gaur EEPren arduradunek. Barne, Hezkuntza eta Kultura eta Komunikazio ministerioetako ordezkariek eginiko txostenaren pozik azaldu dira Euskararen Erakunde Publikoaren burua den Max Brisson, baita agerraldian bere ondoan zituen Frantxua Maitia eta Jean-René Etchegaray, EEPren bi lehendakari-ordeak.
EEPren ebaluaketa txostena egiteko bidean 45 pertsonekin solastatu dira ikuskariak. Gehienbat EEPren eremuko ordezkariekin dira, baina hainbat elkarteetako ordezkarien iritzia hartu dute baitaere.
Ikuskariek idatzi duten txostena eskuragarri da janeko EEPren webgunean eta horren karietara eztabaida burutuko dute ondorengo aste eta hilabetetan egitura honen jardueran parte hartzen duten estamendu ezberdinek. Brissonek zehaztu duen egutegiaren arabera, ostegun arratsaldean EEPren kontseiluak txostenaren mamia ezagutu eta gero, heldu den egunotan prefetak GIP delakoaren berriztapena izenpetuko beharko luke.
Heldu den irailean EEPren aholku batzordea agiria eztabaidatu eta «ikuskatzaileen egiten dituzten gomendio eta proposamenen aplikapenaz» arituko da. Urrian, administrazio kontseiluak hurrengo sei urtetako «jokabide esparru baten proposamena» zehaztu ostean, azkenik, abenduan, buxeta onartua izanen da.
Transizio epe honetan Max Brissonek egiruraren buruan jarraituko du. Hala ere, EEPren lehendakariak ez du argitu nahi izan heldu den urtearen hasieran bere ardura amaitutzat emanen duen ala postuari eutsiko dio.
Arduradun politikoen ondoan gaurko agerraldian presente izan den Estebe Eiherabide, EEPren jardungo zuzendaria eginiko lana goraipatu dute bata bestearen atzetik Brisson, Maitia eta Etchegaray-ek.
Bir maneran, Eiherabide Garazi Baigorri elkargoaren zuzendari orokorreko postua eskuratu ondoren sortu den ika-mika deitoratu dute. Eiherabideren «profesionaltasuna» eta «leialtasuna» agerian utzi ditu Brissonek.
Ebaluaketa txostenaren mamia
Txostenaren mamia begiraturik, Euskararen Erakunde Publikoari dagokion GIP-eko berriztapena aholkatzen dute ikuskarik, egitura honek «hizkuntza politikari hats berri bat eman diola» nabarmenduz. EEPren balio publikoa aldarrikatzeko, bereziki irakazkuntza mailan, egitura honek «Hezkuntza Nazionaka eta Kontseilu Orokorraren arteko hitzarmena biziarazi duela» azpimarratu dute txostengileek.
Euskararen Erakunde Publikoaren funtzionamendua kari, bereziki subsidiariotasun printzipioa eta egituraren kide nagusien arteko (estatua, eskualdea eta departamendua, euskara sustapenerako herri arteko sindikata ahantzi gabe) oreka goraipatzen dute ikuskariek.
Hizkuntzaren garapena lortzeko bidean hutsuneak izan direla onartzen dute ikuskariek. Hala nola, kolektibitateen langileen formakuntza plana ez delako publiko sistemaren bidez diruztatzen kexu agertu dira. Bestalde, bigarren hizkuntza eta lanbide heziketan euskararen presentzia urria aipatu dute.
Ildo beretik, hainbat eremuetan indarra egiteko aholkatu diete EEPko arduradunei. Besteak beste, frantziar hedabide publikoetan -Radio France (France Bleu) eta FR3 telebista- eta eguneroko ekintzetan (aisaldia aipatu dute, bereziki, ikuskariek) euskararen prezentzia indartzeko gomendioa eman dute.
Komentarioak
Joxe Mari
2010-07-23
Pauso bat arago, Herria aldizkaria sarean.
Sébastien
2010-07-23
Gomendioetatik (hitzetaik) ekintzetara pasatzea besterik ez da eskas.... denborak esango du.
Hitzetatik...
2010-07-25
Maleruski Sébastien, denborak jadanik erakutsi digu EEPk zeraman hizkuntza politika... ustela, eta gure hizkuntza zapaltzen duten pertsoneei bidea zabaltzzen diena! Aski da ikustea erakunde frantses honen burua den Max Brisson ek ez duela euskara ikasi eta ikasiko ezta ere! Honek bai erakusten digu zein mespretxu handiarekin gure hizkuntza tratatzen duten!
Denborak erakutsi digu denbora asko izan behar zutela "transmisioak soilik ez duela euskararen biziraupena bermatuko" ohartzeko! Zenbat denbora!?


- 


