Estrasburgoko Gorteak Frantzia zigortu du bost euskal presoen behin-behineko espetxealdia gehiegi luzatu zuelako
Europako Giza Eskubideen Gorteak Frantziako estatua kondenatu du defentsa eskubidea urratzeagatik. Ostegun honetan plazaratu duen ebazpenaren arabera, bost euskal preso politikoen kasuan frantziar justiziak ez zuen errespetatu Giza Eskibideen Europako Hitzarmenak bere 5.3 artikuluan aldarrikatzen duen "epe onargarri batean epaitua izateko" eskubidea. Bost pertsona horiek bospasei urte izan ziren preso, behin-behineko egoeran, epaiketaren zain. Horrek sortu zitzaien kalteagatik Frantziar Estatuak 5 000 euro eman beharko dizkie Berasategi, Esparza, Guimon, Sagarzazu eta Soria Valderrama euskal presoei. Hortaz gain preso bakoitzak 2 000 euro gehiago jasoko ditu auziak sortu dizkien kostuak ordaintzeko.
Estrasburgoko Gorteak Frantzia zigortu du preso diren bost euskal herritarren defentsa eskubidea urratzeagatik. Hain zuzen ere herritar orok "epe onargarri batean epaitua izateko" duen eskubidea ez zitzaien errespetatua izan Europako Gortearen aurrera bere kexa eraman zuten bost euskal presoei. Giza Eskubideen Europako Hitzarmak bere 5.3 artikuluan jasotzen duenez, herritar orok "arrazoizko denboran" edo "epe onargarri batean" jujatua izateko eskubidea du.
Europako Gorteak bere ebazpenean nabarmentu duenez espetxealdia behin baino gehiagotan luzatu zitzaien Esparza, Guimon, Sagarzazu eta Soria Valderrama euskal presoei. Orotara bost eta sei urte artean izan ziren behin-behineko egoera epaiketaren zain.
Estrasburgeko epaileek diotenez, kasu gehienetan behin-behineko espetxealdiaren luzapena zilegia zen, jujeek prozedurarekin segitu behar zutelako. Alta, hori ez zela horrela beti gertatu eta epe konkretu batzuetan frantziar auzitegien egoera aldarrikatuta luzatu zitzaiela behin-behineko espetxealdia bost preso horiei ondorioztatu du Europako Giza Eskubideen Gorteak.
Hori dela eta Frantziak Giza Eskubideen Europear Hitzarmenaren 5.3 artikulua urratu duela adierazi du Eurpako Gorteak aho batez harturiko ebazpenean.
Bost presoei eginiko kaltea ordaintzera zigortu du frantziar estatua. Hala preso bakoitzari 5 000 euro emateaz gain bost preso horiek 2 000 jasoko dituzte auziak sortutako gastuak ordaintzeko.





