ETAk bere jarduera armatua behin-betirako amaitzea erabaki du
Euskadi Ta Askatasunak bere jarduera armatua behin-betirako amaitzea erabaki du. Hala iragarri du iragan mendeko 60. hamarkadan sortu zen erakunde armatuak Euskal Herriko zein nazioarteko zenbait hedabidek jasotako adierazpenean. Agiri historiko horretan Euskal Herrian burutu berri den konferentzian adostutako ebazpena "gatazkaren konponbide osorako osagaiak biltzen dituela" adierazi du ETAk, "mendetako gatazka politikoari konponbide justu eta demokratikoa emateko aukera historikoa dagoela" gaineratzeko. Ondoren, nazioarteko konferentziak eginiko eskaerari erantzun argia eman dio. "ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du". ( Agiria ) (Bideoa euskaraz ). (AFPk ETAk eginiko adierazpenarekin eginiko bideoa, frantsesez). ( Ipar Euskal Herriko eragileen erreakzioak). ( "Le Journal du Pays Basque". Antton Etxeberrik idatzitako editoriala, frantsesez). ( Ezker Abertzalearen agerraldi berezia: Borroka armatua bukatu da ez gatazka politikoa. Ikus bideoa. ) ( Lokarriren poza ). ( Nazioarteko eragileen babes adierazpenak ). ( Sarkozyk Zapatero zoriondu eta behin-betirako bake lortu arte bere laguntza eskeini du). ( Argazki galeria).
50 urteko jarduera armatuari amaiera eman dio ETAk. Beraz, frankismoaren azken urteotan sortu zen erakunde armatuak Euskal Herriko Historian sartuko den erabakia hartu du. Euskal Herriko zein nazioarteko zenbait hedabidek jasotako adierazpenean ETAk Donostian burutu berri den Nazioarteko Konferentziaren garrantzi politikoa goraipatu du. Bere ustez, Aieteko Jauregian adostutako ebazpenak "gatazkaren konponbide osorako osagaiak biltzen ditu eta nazioartearen eta euskal jendartearen sektore anitzen babesa du".
Euskadi Ta Askatasunak gaineratu duenez "Euskal Herrian aro politiko berri bat zabaltzen ari da" eta "mendetako gatazka politikoari konponbide justu eta demokratikoa emateko aukera historikoa dago".
Erakunde armatuak gogoratu duenez, "urte luzeetako borrokak sortu du aukera. Ez da bide erraza izan. Borrokaren gogorrak burkide asko betiko eraman dizkigu. Beste asko espetxea edo erbestea pairatzen ari dira. Bihoakie guztiei gure aitortza eta omenaldirik sentituena".
Hori errana, etorkizunari itxaropenez begiratzeko unea dela uste du ETAk "baita ausardiaz eta arduraz jokatzeko unea ere".
Hitz horien ondotik Nazioarteko Konferentziak ezarritako "bide-orria"ri segituz honako adierazpena egin du Euskadi Ta Askatasunak:
ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du. ETAk Espainia eta Frantziako gobernuei dei egiten die, gatazkaren ondorioei konponbide ematea helburu izango duen elkarrizketa prozesu zuzena zabaltzeko, konfrontazio armatua gainditu ahal izateko. Adierazpen historiko honekin ETAk bere konpromiso argi, sendo eta behin-betikoa erakusten du.
ETAk, azkenik, euskal jendarteari dei egiten dio konponbide prozesuan murgil dadin, " bake eta askatasun agertoki bat sortu arte".
Ohikoa denez Euskal Herriko historian hitz handiekin agertuko den bere adierazpenean honako leloak idatzi ditu ETAk :
Gora Euskal Herria askatuta ! Gora Euskadi Sozialista ! Jo ta Ke independentzia eta sozialismoa lortu arte !
Komentarioak
Mikel
2011-10-21
Borroka ez da bukatu! Bihar arratsaldean denak Bilbora!
EUSKAL HERRIA DUGU IRABAZTEKO!
Euskal Herriak konponbidea nahi du!
http://www.gernikakoakordioa.net/
askatasuna eta euskal herria
2011-10-22
Dakidanez, euskal presoak ez daude oraindik euskal herria, txakurrak oraindik gure kaleetan ibiltzen dira, askatasun falta berdina dugu, ainbat erakunde ilegalizatuak segitzen dute, eta betiko faxistak boterean diraute... Hala ere milesker erakunde armatuari. 52urteko borroka honi esker garenera iritsi gara. Bainan ez ditzagun ahantzi ere borrokan erori diren gizon eta emazte adoretsu horiek! BIETAN JARRAI!


- 




