ETAk bi guardia zibil hil ditu Mallorcan
Bi guardia zibil hil dira 13:50etan Mallorca uhartean (Herrialde Katalanak) gertatutako atentatuan. Bi militarrak patrol batean zirelarik gertatu da leherketa. Goizeko 10.00etatik autoa parking batean geldituta zegoen. Guardia zibilek autoa berriz demarratu dutenean gertatu da leherketa. Atentatua Calviā herrian, Palmanova gune turistikoan Guardia Zibilak duen kaserna inguruan gertatu da. Atentatua gertatu den tokitik bi kilometrotara zegoen beste auto batean beste bonba-lapa bat atzeman dute eta indargabetu dute.
27 eta 28 urte zituzten, hurrenez hurren, ETAk gaur 13.50ak aldera bonba-lapa leherraraziz hil dituen bi guardia zibilek. Bata sortzez nafarra zen baina urteak zeramatzan Mallorcan eta bestea Burgosekoa zen.
Lehen berrien arabera, ajenteek goizean abiatu dira Guardia Zibilak Calvian duen kasernatik hainbat desmartxa administratibo egiterat. Ibilgailua aparkatu dute eta behin lanak eginak patrola berriz demarratu dutenean zartatu da lehergailua. Iduriz, distantziaz aktibatu dute ustezko ETA kideek guardia zibilen autoan ezarritako bonba-lapa.
Atentatuaren lekuko batek diariodemallorca.es kazetari azaldu dioenez, eztanda oso azkarra izan da eta bolbora usaina handia dago Sala Palmanova izenarekin ezaguna den auzoan. Guardia zibil bat auto ondoan etzanda ikusi duela eta pertsona batek hura berpizten ahalegindu dela gaineratu du herritar honek. Izan ere, "gorpuak erredura handiak zituela eta seguraski hilik zela" kondatu du pertsona horrek.
Erasoa gertatu bezain fite, polizi eta osasun zerbitzu anitz abiatu dira Palmanovarat. Herriaren sartu-irteera guziak itxi dituzte. Azken berrien arabera, atentatua getatu den tokitik pare bat kilometrotara Guardia Zibilaren bigarren auto batean lehergailua atzeman dute eta eremua sekurizatu ondoren eztandarazi dute.
Marivent jauregitik gertu
Udan zehar, dagoeneko, segurtasun neurri handiak izanen dira Mallorcan. Are gehiago abuztuan, zerenta Espainiako erregeak eta bere familiak irla horeetan pasatzen dituzte beren oporrak. Espreski, asteburu honetan iritsiko da espainiar erregea. Palmanovan Guardia Zibilak duen kaserna erregeek erabiltzen duten Marivent jauregitik zortzi bat kilometrotara dago.
Bestalde, ostiral honetan 50. urteurrena betetzen dira ETA sortu zenetik. Historia luze horretan hiru atentatu burutu ditu Mallorcan. Gaurkoa laugarrena da eta lehena hildakoak eragiten dituena. Balearretan ETAK egin zuen atentatu esaguratsuena, espreski, erregearen aurka prestaturiko atentatua izan zen. ETAK bere helburua ezin izan zuen bete. Hortaz gain, bi auto-bonba ezarri ditu erakunde armatuak uharte honetan, bata Porta des Camp-en dauden etxebizitza militarren aitzinean, eta bestea inguru turistiko batean.
24 orenetan bi atentatu egin ditu ETAk Estatu espainiarrean. Atzo, bonba-furgoneta zartatu zuen ETAK Burgosen (Espainia), Guardia Zibilak duen kaserna erabat suntsituz. 47 bat lagun arinki zauritu ziren eraso horretan.
- Informazio gehiago gaurko atentatuari buruz: Mallorcako kazetetan (espainolez): Ultimahora.es eta Diariodemallorca.es







