Etxean egindako lehergailu bat indargabetu du Poliziak Chantaco golf-eko jatetxean
Gasolina botila bat eta bolboraz osatua zen lehergailua indargabetu du Frantziako Poliziak Lapurdiko golf eremu batean. Goizeko 8ak zirelarik Chantaco golf arduradunek Polizia deitu dute, objektu susmagarria atxeman dutela jakinarazi dutelarik. Donibane-Lohizunen, Azkaineko bidean, kokaturik den Chantaco golfean etxeko lehergailua aurkitu eta indargabetu du Poliziak.
Chantaco golf zelaia Lacoste familiak sortu zuen. Espreski, René Lacoste tenista famatua eta arropa marka ezagunaren aitak eraiki zuen golfa, badira 80 bat urte, eta gaur egun kirol eremu horren jabea bere alaba Catherine Lacoste da.
Hainbat komunikabidek Bernard Alliot-Marie, Michelle Alliot Marie ministroaren aitak sortu zuen Chantaco hotelean atxeman dutela gasolina botila bat eta bolboraz osaturiko lehergailua zabaldu dute. Alta, hoteleko arduradunek info7 irratirari azaldu diotenez, hotel horretan ez dute bonbarik aurkitu, bir maneran ondoan dagoen golfean atzeman dutela etxean egindako bonba baieztatu dutelarik.
Golfeko arduradunek azaldu dutenez, lehergailua goizeko 7.30ak eta 8.00ak artean atzeman dute golfeko jatetxearen atarian. Lehergailuak ez du eztandarik egin eta Poliziak etxean egindako bonba indargabetu eta berehala «golfeko aktibitatea lasaiki segitu du», azaldu du Jean Agirrek jatxetxearen arduradunak. Jatetxe hori Chantaco golf eremua kudeatzen duen sozietatearena dela gaineratu duelarik.
Poliziak azaldu duenez, etxean egindako lehergailuak honako osagai hauek zituen: 5 litroko erregai likidoa zuen botila; erloju sistema, osagai ximikoak eta 12 milimetroko kartuxak.
AFP agentziak zabaldu duenez, Baionako PJak (Police Judiciaire ) hartu du inkestaren ardura, beti ere Pariseko "terrorismoaren aurkako" sekzioarekin elkarlanean. Poliziak azaldu duenez, Chantacoko golfean utzi duten lehergailua eta 2008ko abuztuan Arrangoitzeko turismo bulegoan eta "Pierre et Vacances" bakantza erresidentzian ezarri zituzten bonben artean antzekotasunak omen daude. Eraso horiek Irrintzik hartu zituen beregain.
Azken hilabetetan golfen aurkako beste eraso batzuk izan dira. Eraso horietan ez dute, ordea, lehergailurik erabili. Hala nola Angelun dagoen Xiberta golf eremua eta Basusarrin kokaturik dagoen Makila golf zelaia zuloz beterik agertu ziren.
Donibane Lohizuneko auzapezak, Peyuco Duhart jaunak, France Bleu Pays Basque irratian adierazpenak egin ditu. Bere erranetaz, «erasoa da ez da huskeria» eta «larria da». UMPeko ordezkariak gaineratu duenez, ekimen horiek «erasotzaileek dituzten helburuak aitzineratzeko ez dute balio».
(Fite informazio gehiago )







