.EUS domeinua lortzeko eskaria 2010eko martxoan aurkeztea aurreikusi dute
Datak ziurtatzea ezinezkoa dela onartu arren, Interneten .EUS domeinua lortzeko lanean ari diren ekimeneko ordezkariek 2010eko martxorako ICANN nazioarteko erakundean eskaria aurkeztu ahal izatea aurreikusten dute. Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan egindako agerraldian proiektua koordinatzen ari den Iratxe Esnaolak, PuntuEus elkartean Euskaltzaindiaren ordezkari Andoni Sagarnarekin batera eman du ekimenaren inguruko azken urratsen berri.
2008ko apirilean PuntuEus elkartea 11 kideren eskutik jaio zen, baina dagoeneko 30 elkarteren babesa jaso du ekimenak. Horren erakusgarri, Bilbon eginiko azken agerraldian euskalgintza, hezkuntza eta Internet eta komunikazio munduko ordezkari ugari bildu dira.
Web gunean 25.000 atxikimendu inguru jaso dituzte, baina «indar gehiago» batzearen beharra nabarmentzen dute.
Izan ere, PuntuEus elkartea izango da domeinua eskatuko duena eta Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitarearen alde ahalik eta babes handiena erakustea garrantzitsua dela azpimarratu dute.
Atxikimenduen beharra
Kopuru bat aipatzekotan, gutxienez 100.000 atxikimendu eta 50 elkarteren babesa lortu nahiko luketela azaltzen dute, kopuru aldetik ez dago derrigorrezko baldintzarik gogora ekartzen duten arren.
Esnaolak azaldu duenez, ICANN nazioarteko erakundearen ordezkariekin bilerak izan dituzte eta .EUS domeinua eskuratzeko ez dutela «arazorik» ikusten esan diete.
Aurreikusitako epeak betetzen badira, eskaria egin eta urtebetera eman beharko luke erantzuna ICANN-ek. Baiezkoa balitz, kontratua sinatu ondoren proiektua martxan jartzeko moduan egongo litzateke.
Era berean, Galiziako, Galesko eta Bretainiako elkarteekin ere elkarlanean ari direla esan zuen, beraiek ere .GAL, .CYM eta .BZH domeinuak lortzeko lanean ari baitira, hurrenez hurren.





