Euskal Herriaren Alde izena duen hautagaitza abertzalea aurkeztuko da Europako bozetarako
Gaur goizean Hazparnen burutu den Batzar Nagusian Euskal Herriaren Alde (EHA) izena hartu duen hautagaitza abertzale eta ezkertiarra aurkeztu da. Laurogoi bat jendek parte hartu dute hautagaitzaren oinarri politikoak finkatzeko balio izan duen batzarrean. Ixabel Etxeberria irakasle urrunarra izanen da Lapurdi, Baxe Nafarroan eta Lapurdin aurkeztuko den hautagaitzaren zerrendaburua. Apirilaren 21etatik eta 30 bitartean eskualdez eskualde 16 bilera burutuko dituzte hautagaitzaren berri emateko eta jendartearen partehartzea bultzateko.
Joan den astean Europako bozketan ezkertiar eta abertzale jendea ordezkatuko duen zerrenda osatzeko deia luzatu eta gero, gaur biltzarra egin dute Hazparnen hautagaitza zehazteko. Ondoren, bilkuran harturiko erabakiak jakinarazteko prentsaurrea eman dute.
Erabakia nagusia, beraz, hautagaitza abertzalea abiatzeko asmoa berrestea izan da. Nafarroa Beherea, Xiberoa eta Lapurdi hautes-eremutat hartuko duen zerrenda Euskal Herriaren Alde izena hartuko du.
Bestetik, zerrenda hori osatuko duten hainbat lagunen izenak ere adostu dira. Hala, EHAren zerrenda buru Ixabel Etxeberria, Urrunako hautetsia eta irakaslea Seaskan izanen dela ezagutzera eman dute. Doktoretza eskuratu berri du, Bordelen, Piarres Lartzabal antzarkigintzari buruz eginiko ikerlanari esker.
Zerrenda osatzeko orduan abertzale ikuspegi batetik abiatu direla nabarmendu dute. Europako nazio zaharrenetariko den Euskal Herria aitortu gabe ezin dela batasuna europarra erizpide demokratikoen arabera gauzatu aldarrikatuko dute.
"Europako Batasunak jadanik osatuak diren Estatuetan oinarritzen baldin badu ere bere ibilmoldea, 2010ean Eskozian egin gogo duten autodeterminazio erreferendumak, Europako nazio zaharrenen osoko ezagupena aktualitatearen pil-pilera ekartzen du. Perspektiba horretan, Herrien Europa defendatzen dugu, eta Euskal Herria bere baitan osoko partaide gisa", azaldu dute.
Bir maneran, bestelako eredu ekonomikoa abian ezartzeko beharra azpimarratuko du EHA-k ekainaren 7an izanen diren hauteskundeetara begira.
"Egun bizi dugun krisiaren aitzinean, baitezpadakoa da Europa liberal honi freno kolpe bat ematea, sistema kapitalista auzitan jarri, eta jende xumeei lehentasuna ematen dien Europa eraikitzen hastea, ontasunak eta lana partekatuz besteak beste", nabarmendu dute.
Ekimen idekia, eta hainbat zerrenda kideren aurkezpena
Ekimen idekia defendatu dute EHA gaurko agerraldian, eta hori frogatzeko hainbat hautagaien izenak aipatu dituzte. Zerrenda osatzeko orduan, " idekidura eta ainiztasuna hori irudikatze" saiatu direla azaldu dute. Ixabel Etxeberria bera hautagaitza abertzale eta ezkertiar gisa lan eginen duen Urrunako Herritarrak taldean gogora ekarri dute.
Hartara, eremu desberdinetatik bermatuko den partehartze horri begira, langileria ordezkatua izanen dela aipatu ondoren, Jean Michel Harrostegi CGT sindikatuaren militantea eta Philippe Esteben LABeko ordezkaria izanen direla zerrenda kide jakitera eman dute.
Eremu sozioekonomikoari dagokionez, Béatrice Elissalde arrantzalea izanen da zerrendan. Gazteak toki garrantzitsua hartzen dutela hautagaitza berri honetan, eta herrialdeen arteko oreka zaintzeko ahalagin berezia egin dutela azaldu dute baitaere. Hala, zerrenda kideren artean Patxi Bidart, baxenafartarra; Oihana Larrandaburu, xiberotarra, eta Ximun Duhour, lapurtarra, aipatu dituzte.
Abertzale guzieri ekimenean partehartzeko gonbita luzatu ondoren, hainbat eskualdeetan bilerak burutuko dituztela jakitera eman dute. Hala apirilaren 21etik eta 30a bitartean 16 bat batzar publiko burutuko dituzte jendartearen partehartzea bultzatzeko.
Hauxen dira EHAk aste honetarako finkatu dituen lehenengo hitzorduak:
- Apirilaren 21an: Bidarte / Hendaia
- Apirilaren 22an: Biarritz / Maule / Sara
- Apirilaren 23: Kanbo
- Apirilaren 24: Angelu / Izura-Ostabat
Irakur ere: Europako Hauteskundeak: Bozka Bove blog berria sarean Europe Ecologie sustengatzeko
Komentarioak
Lizardi
2009-04-19
BATASUNA izenarekin presentazen balira gauzak argiago izanen lirateke, eta bide batez Europaren aintzinean ilegalizazioa salatzeko balioko luke batasuna Iparraldean legala dela agerian utziz.
iñigo
2009-04-19
Oso ondo, borroka da bide bakarra!!!
mikel
2009-04-19
Hau da nire ustez bultzatu behar ditugun proiektuak, eta ez ABk egiten duen bezala estatu frantseseko beste kandidatura bat babestu, EuskalHerria eraiki behar dugu, iparraldetik hegoaldera..hau da bidea!!!Bilbo.
Aintzane
2009-04-19
Bikain! Gure indarra elkartasunean datza. Ea Hegoaldean ikasten duten behingoz.
Noiz eta non izango dira bilkurak? Informazioa ongi zabaltzea espero dut.


- 


