Euskal Herriari Europan dagokion tokia aldarrikatuko du EHAk kanpainan zehar

Argitaratua: 2009-05-25 12:53:30

Ekainaren 7an izanen dira Europako hauteskundeak eta, dagoeneko, kanpainian buru belarri sartu dira alderdiak. Gaur goizean, Euskal Herriaren Alde hautagaitzak bere kanpainaren ardatz nagusia lurraldetasuna dela idurikatzeko ekitaldia antolatu du Pausun. Lapurdi eta Gipuzkoa lotzen dituen zubiaren ondoan Ixabel Etxeberria eta Battit Amestoy EHAren hautagaiek Lituania biztanle beste duen Euskal Herriak bere tokia ukan behar duela Europan nabarmendu dute.

Maite UBIRIA | PAUSU
Lituaniak 3 565 205 biztanle ditu eta 12 eurodeputatu Europako Legebiltzarrean. Euskal Herriak 3 063 660 biztanle ditu eta, horregatik Estrasburgeko Ganbaran beste hainbeste eserleku ukaiteko eskubide baduela idurikatu nahi izan du, goiz huntan, EHAk Lapurdi eta Gipuzkoa bereizten duen zubiaren ondoan.

Ixabel Etxeberria eta Battit Amestoy adibidide hori ezarri nahi izan dute, «Euskal Herriak Europan dagokio tokia berreskuratu behar duela» agerian uzteko. Etxeberriak gogora ekarri duenez, «aspaldi euskaldunok Estatua izan dugu Europan, gero historiak hiru administrazio eremu ezberdinetan bereiztu gaituelarik; egun gure lurraldetasuna izpide nagusitzat harturik gure geroa Europan erabaki nahi dugula argiki azaltzeko garaia dela uste dugu».

Lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea izanen direla EHA hautagaitza ezkertiar eta abertzaleak Europako bozketari begira burutuko duen kanpainiaren ipar-orratza azaldu du Urruńako hautetsiak. Egun Europak ez dituela herrien eskubideak aitortzen salatu ondoren, «gure kanpaina baliatu nahi dugu herriek ordezkaritza ofiziala izan behar dutela Europan gogorazteko» gaineratu du EHAren zerrendaburuak. Hartara, beste herriekin «mementu amankomun bat» izan nahi dutela kanpainan zehar adierazi duelarik.

Ofizialki, bi estatuen arteko "mugan" izanik, «kanpainan gainean erori den gertakari pisua» aipatu nahi izan du EHAren zerrendaburuak.

«Europan, Estatu demokratiko batean, onartezina da pertsona bat desagerraraztea. Alta, apirilaren 18tik Ahetzeko bizilagun bat, Lapurdin lan egiten duen herritar bat, desagertu da eta inork ez du fitxi erran, inork ez du ahotsa altxatu familia bat egoera jasa ezinean utzi duen gertakari beltz hori», salattu du irmoki Etxeberria hautagaiak.

Egoera honen aurrean «larritasunezko neurriak» hartzearen beharra azpimarratu du EHAren ordezkariak. Ondoren, bere kezka agertu dute Etxeberriak eta Amestoyek «gertakari ezin larriago horrek oso toki gutti hartu baitu» bai kanpainan diren alderdien ajendan baita komunikabideetan ere.

EHAren ekitaldi nagusia heldu den igandean, maiatzak 31ean, igaroko da Ezpeletan.

(Ikus bideoa: Mirentxu Lakok, Herritarren zerrendako burua izandakoak, Euskal Herriaren Alde bozkatzeko deia luzatzen du)


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi