Presoen aldeko elkartasuna hondartzetara heldu da

Argitaratua: 2009-08-09 23:34:23

Ehunka eta ehunka lagunek bat egin dute Etxeratek abuztuaren 9an euskal hordartzetan eginiko elkartasun ekitaldiekin. 300 bat herritarrek parte hartu dute Hendaiako hondartzan eginiko elgarretaratzean. Presoek Euskal Herrian izan behar dutela aldarrikatzearekin batera, "Nun da Jon ? " galdera lau haizetara zabaldu du Ondarraitzen bildutako jendeak.

Eguraldia goibel zegoen igande eguerdian Hendaian eta jende gutti ausartu da Ondarraitzeko hordartzara iduzkia hartzera joaten. Presoen senideek eta lagunek, ordea, banderolak, zapiak eta argazkiak eskutan zituztelarik, beraiendako aroa oztoporik ez dela erakutsi dute beste behin ere.

"Les prisonniers basques au Pays Basque", "Non à la prison à vie" edo-ta "Nun dago Jon ?" irakurtzen zen presoen lagunek eramaten zituzten banderoletan. Kasino parean hondartzara sartu eta Hondarribiako herriari begira dagoen espigoia arteko ibilbidea osatu dute.

Adina ezberdinetako jendea bildu da udako elkartasun ekitaldian. Batzuk ezin gazteagoak ziren: beren burasoen sorbalda gainean, kotxetxoetan edo-ta amaren sabela barnean oraindik ibilbidea osatu dutelarik; beste batzuk, ordea, motelago ibiltzen ziren, gaurkoa bezalako hamaika ibilbide bizkar gainean daramatela seinale.

Guziak, haur, heldu ala gazte, arean tipi-tapa egin ondoren arkaitzen gainean eginiko paseabidean elkartu dira, jende hilara luzea eta anitza osatuz. Orduan parez pare baina bertzaldean dagoen itsas paseoan bildutako jendeekin elkar agurtu dute. Batzuk Hendaiatik Hondarribiara begirada luzaturik, besteak Lapurdiko auzokideei so zirela.

"Euskal Presoak Euskal Herrira" edo "Amnistiarik gabe bakerik ez" bezalako leloak ozen elkar trukatu dituzte ordu erdi luze batez Hondarribian eta Hendaian bildutako lagunek. Beste behin ere elkartasunak muga guziak gainditzeko modurik onera dela aski frogatu dutelarik.

Traktak hizkuntza ezberdinetan
Ondoren, bueltako bidea hartu dute. Kasu honetan ez areatik baizik eta udatiarrez beterik zen paseabidea baliatuz. Jende artean presoen egoera zein den azaltzen dituzten traktak banatu dituzte.

Hizkuntza ezberdinetan eginiko agiri horietan 740 euskal herritarrek dispertsioaren zigorra pairatzen dutela eta horietatik 33 ezarritako kartzela zigorra bete arren oraino giltzapeturik atxikitzen dituztela azaltzen du Etxerat elkartek. Adibide gisa, Jose Mari Sagardui "Gatza" zornotzarrak Nelson Mandela Sudafrikako presidente ohia baino urte gehiago egi dituela jada kartzelan gogora ekartzen du euskal errepresialiatu politikoen eta lagunak elkartzen dituen elkarteak.

Bir maneran 8 preso sendaezinezko eritasunak ukan arren kartzelan atxikitzen dituztela, 21 preso espetxeetan hil direla eta 16 senidek edo lagunek bizitza galdu dutela errepideetan nabarmentzen du Etxeratek.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi