Euskararen Erakunde Publikoak iaz baino 360.000 euro gehiago eskuratuko ditu 2010. urtean

Argitaratua: 2009-12-16 12:19:16

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) agerraldia eginen du arratsalde honetan 2010-2016 epean garatu nahi duen hizkuntz proiektuaren nondik-norakoak azaltzeko. Atzo, bilkura erabakigarria izan da egitura horren baitan. KAZETA.INFOK jakin duenez, EEPren buxeta bermatzen duten hiru erakundeek -estatua, eskualdea eta departamendua- iaz baino 120.000 euro gehiago ezarriko dute 2010ean. Ondorioz, EEPren buxeta 360.000 eurotan emendatuko da. Bestalde, Max Brissonek EEPren burua utziko du. Frantxua Maitia eskualdeko kontseilari sozialista izanen da Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari berria.

Maite UBIRIA | BAIONA
Euskararen Erakunde Publikoak 2010-2016 epean garatu nahi duen hizkuntz politikaren egitasmoa zehazteko lana abiatu du. Dagoeneko aholku batzordeak bi bilkura egin ditu. Azkena, joan den astean. Bilera horretan, euskalgintzako eragileek proposamen zehatzak egin zituzten.

Alde batetik, egiazko hizkuntz politika garatzeko marko bat baietazpadakoa dela azpimarratu dute, beste behin ere hizkuntz guttituen aldeko legearen beharra azpimarratuz.

Frantziako Kultura ministroak legea ez dela izanen baieztatu ondoren, EEPren buruari, Max Brissoni, Pariseko gobernuak bere jarrera aldatu dadin bitartekari lanetan jarduteko galdegin zioten. Alta, Brissonek Estatua EEPren partaide dela gogora ekarriz, ezetz esan zion gobernuaren aitzinean presioa egiteko eskakizunari.

Izan ere, Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak Deaiadar manifestazioan emandako urratsatik harago joaiteko eta hizkuntz guttituen legea aurkeztua izan dadin «beren esku den guzia» egiteko eskatu diete, joan den astean eginiko agerraldian, euskal hautetsiei, eta bereziki EEPren zuzendaritzari.

Arloz arlo planifikazioa eskatu dute
Bestalde, EEPren aholku batzordearen baitan arloz-arlo, eta beti ere euskalgintzako eragileekin konzertazioa lehenetsiz, hizkuntzaren transmisioa eta erabilpena garatzeko estrategia zehatzak marrazteko eskakizuna luzatua izan zen. Prozesua udaberrian amaitzea aurreikusten bada ere, ekarpenak erraxteko eta egitasmoa ahal den eta gehien zehazteko epea ekaina bitartean luzatzea onartu zuen Brissonek.

Diru-laguntzak emateko sistema aldatzeko

Bestalde, euskalgintzako ordezkariek diru-laguntzak banatzeko sisteman aldaketa sakonak eskatu dituzte. Hartara, ereduaren karietara gogoeta abiatu, puntuazio sistema ezartzeko komenentzia aztertzea eta, prozesu osoan zehar, gardentasuna bermatzea eskatu zuten. Laguntza errafusatzen denean, helegitea ezartzeko aukera bermatzea eta deialdi berezituen beharra aitzat hartzea aipatu zuten baita ere.

Aholku Batzordea bi astez jarrian bildu eta gero, lehen erabakiak heldu dira. Ez hizkuntz politikaren proiektuari buruz, bereziki, baina bai euskararen aldeko operazioak egiteko buxetari buruz.

Baliabide gehiago iragarri zituen jada Brissonek
KAZETA.INFOk jakin ahal duenez, atzo eginiko biltzarrean, EEPren baliabideak bermatzen dituzten hiru administrazio eremuak adostasun batera iritsi dira. Dagoeneko Max Brissonek heldu den urtean buxea emendatzeko esparantza azaldu zuen Aholku Batzordeko kideen aitzinean.

Hartara, 2010ean, aurreko urtean baino 360.000 euro gehiago ukanen duela EEPk berretsi ahal izan du KAZETA.INFOk. Hau da, Estatuak, Akitaniako eskualdeak, eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak iaz baino 120.000 euro gehiago emanen diote Euskararen Erakunde Publikoari.

Iaz hiru partaide horiek emandako diruari esker 2.066.000 € mobilizatu ditu EEPk. Buxeta osatzeko eta preseski eragile pribatuen egitasmoak sustatzeko, beste 470.000 € eman ditu EAEko Gobernuak. Hots, orotara 2.536.000 € baliatu ditu Euskararen Erakunde Publikoak. ( Hemen 2009ko buxetaru xehetasun guziak)

Bestalde, erakundearen zuzendaritzan txandakatzeko akordioa atxikiz, heldu den urtean departamenduan UMPko taldearen burua den Max Brissonek, EEPren presidentzia utziko du. Frantxua Maitia, Akitaniako Eskualdeko kontseilaria izanen da Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari berria.

( Xehetasun guziak: 2006-2009: EEPk eginiko lanaren bilana; 2010-2016: hizkuntza politikaren aitzin-proiektua )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi