Ezabaketa Asteari hasiera eman dio EHEk
«Hizkuntza zapalkuntza agerian utzi eta politika arrotzak agerian uzteko asmoz», Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak Ezabaketa Astea burutuko du heldu den igande bitartean. Horren karira, lehen ezabaketaren berri emanen du talde honek bere web orrialdean, non Ezabaketa Astearen gainean agiria zabaltzen duen.
Ohar horretan gogora ekartzen denez, «euskaraz normaltasunez bizitzea, ez da posible. Eremuz eremu topatu ditzakegu euskararen bazterketa eragiten duten adibideak, izan publiko edo pribatuan. Kaletik edota errepidetik goazela ere, gure hizkuntza eskubideen zapalkuntzaren adibideak topa ditzakegu; paisaia linguistikoari erreparatu besterik ez dugu. Ez dugu aurkituko, oro har, euskara hutsean idatziriko seinalerik Euskal Herri osoan; alabaina, erdara hutsean idatziriko seinaleak maiz kausituko ditugu. Eta hori larritzekoa da, benetan».
EHEren ustez, «egoera hau ahalbidetzen duten errudunak egungo hizkuntza politikak eta hauek aurrera eramaten dituztenak dira». Hau esanda, «bada garaia euskarari lehentasuna emango dioten politikak garatzen hasteko» adierazten du taldeak.
«Euskarak lehentasunezko izateaz gainera, guztiak ezagutu beharrekoa behar du izan; eta hori egoera bakar batek ahalbidetu dezake: Euskal Herriko berezko hizkuntza izendatu eta lurralde osoan bere ofizialtasuna aitortzen denean», azaltzen du EHEk.
(Irakur ere Yves Matxikote, EHEko kideak, idatzitako artikulua)




