Hazparne aldeko Laguntza Etxerat elkarteak 40 urteak ospatzen ditu

Argitaratua: 2011-12-09 11:30:29

Etxeko laguntza eta haurren zeintzearen arloan jarduten duen Hazparne aldeko Laguntza Etxerat elkarteak haren 40 urteak ospatzen ditu eta horren kari, publikoari zuzendutako ate idekitzeak eginen ditu, larunbat goiz huntan, haren lanaren aurkezteko. Elkarteak bi arlotan familien beharrei erantzunen ekartzeko xedea du. Alde batetik adin zaharreko, ahalgabetu edo eri diren presunak etxean atxikitzeko lan egiten du. Bestetik, zaintze molde bat sekatzen dute sei urtepeko haurrak dituzten burasoak laguntzea.

Mattin PETRISSANS l HAZPARNE
1971ko otsailaren 25an sortu zenean, haur bat berriki ukan zuten amak eguneroko bizitza laguntza zen elkartearen helburua. Geroztik Laguntza Etxerat garatu da eta haurren zeintze eta zailtasunak dituzten pertsonak etxeak ahal den eta denbira gehien egoiteko laguntzetarako zerbitzuetara zabaldu dira.

Orotara elkarteak 75 langile -50 denbora oso- enplegatzen ditu eta haren buxeta 1,5 milioi eurokoa da, 800 000 haurtzaroko poloan eta 700 000 etxerako laguntzarako.

Elkarteko Gilles Garay zuzendariak KAZETA.INFOri azaldu dionez, balore batzuk errespetatuz jarduten dute. "Jendeak aske dira, elkartea laikoa da, jendearen jatorriak ez du garrantziarik, ez da politikarik egiten eta azkenik Laguntza Etxerat ez da hor diruaren irabazteko".

Hazparneko lurraldearen herri elkargoaren egoitzan kokatzen den elkarteak haren zerbitzuak hamazazpi herritan eskaintzen ditu. Aiherra, Bastida, Beskoitze, Donamartiri, Donoztiri, Hazparne, Heleta, Isturitze, Lekorne, Lekuine, Makea, Bardoze, Bidaxune, Samatze, Akamarre, Gixune, Burgue-Erreiti eta Erangon hain zuzen ere.

Xirrista harrera gunea

Laguntza Etxerat elkartearen haurtzaroaren poloak lau arlo edo zerbitzu ezberdin proposatzen ditu. Familien harrera zerbitzua haietariko bat da. Elkarteko 16 ama-laguntzaile haurren zeintzeaz arduratzen dira familiaren etxean bertan. Orotara 50 leku eskaitzen ditu zerbitzuak.

Xirrista deitutako haur eta burasuen harrera gunea zerbitzua haietariko beste bat da. Buraso eta sei urtepeko haurrei zuzendutako Xirrista, astearte arratsalde oroz 14:30 eta 17:00ak artean idekirik da eta dohainik. Gizarte eta haurtzaroaren profesional batzuek kudeatzen duten familien arteko partikatze eta harrera gune bat da.

"Haur baten sortzeak burasoengan galdezketa batzuk ondorioztatzen ahal ditu eta beraz Xirrista burasoen artean esperientzien partikatzeko topagune bat izan daiteke. Hortaz gain, bakarrik haren aita amak ikusten dituen haurrarentzat gizarteratzeko toki interesgarri bat izan daiteke" esplikatu du  Gilles Garayek.

Baita ere, elkarteak Beskoitzeko herriko etxearekin Laminak deitutako sei urtepekoei zuzendutako haurtzaindegi bat kudeatzen du. Egunero 7:30 eta 18:45 artean 30 haurren harrera egiten da. Adinka banaturik diren hamar haurreko hiru zatitan banaturik da haurzaindegia: ņiņiak, ertainak eta haundiak. Lehentasuna Beskointzeko familiei emanik da.

Haurtzaroko azken zerbitzua familien harrera eta ama-laguntzaileendako bitartekaria da. "Hor gaiarekin ikustekoa duten informazio orokorrak, Laguntza Etxeraten zerbitzuen buruzko xehetasunak edo lurraldean aurkitzen diren 85 ama-laguntzaile independenteen helbideak eskuratzen ahal dira" zehaztu du Garayek.

Horretarako Hazparneko herri elkargoko egoitzan telefonozko edo buruz buruzko ( hitzordua hartu ondoren ) permanentziak egiten dira asteazken egun osoan eta ortzegun eta ortziral arratsaldetan 05 59 29 45 80 telefono zenbakira deituz edo asteazken arratsaldetan Bidaxuneko herriko etxean 05 59 55 53 11ra deituz.

Etxeetako laguntza
Elkartearen beste lan saila ahalmen urrituak, eriak edo adin zaharrekoan diren etxen mantentzeko zerbitzua da. Asteko zazpi egunetan, edozein orenetan eguneroko bizitzan gauza batzuen egiteko autonomia galdu duten pertsonen laguntzeko egina da zerbitzu hau.

"Horretarako langile eskasa bada konzientzia kolektiboan ideia faltsuak badirelako. Jendeen uste dute etxeko laguntzaileen lana garbiketa beizik ez dela baina beste gauza asko badira egiteko: sukaldaritza, erosketak, jeikitzea... Egiazko lan bat da. Langileen enplegatzeko, irizpide zehatz batzuei kasu emaiten dugu" esplikatu du Garayek.

Erran daiteke euskarak toki garrantzitsua duela adin zaharren laguntzarako, "frantsesez bakarrik mintzatzen den laguntzaile batekin baino errestasun gehiagorekin fidatzen dira euskaldun batetaz" azaldu dute. Gutti gora behera, laguntzaileen erdia elebiduna da. Haurren zeintzerako ere, familien harreraren zerbitzuko 16 ama-laguntzaileetariko 8ek euskaraz hitz egiten dute.

Haurtzaindegi berri baten sortzeko egitasmoa

Hogeita hamar lekuko haurzaindegi berri baten sortzea momentukotz "ofiziala" ez den elkartearen proiektu bat da. Gauzatzen bada, haurtzaindegi hau 2014 hastapenerako idekiko da.

"Haurtzaindegiaren aparte, beste gauza batzueri pentsatzen dugu. Bazkariak etxetara ekartzea edo gaueko zaintza ibiltariak bezalako ideiak atera dira. Hala ere, zerbitzu berri haiek bideratu eintzin beharren ikerketa batzuk burutu beharko dira" azaldu digu Garay zuzendariak.

Aurten Laguntza Etxeraten 40 urteak direnez, larunbat goizean, 09:00 eta eguerdi artean elkartearen lanaren aurkezteko publikoari zuzendutako ate idekitzeak eginen dira Hazparneko herri elkargoaren egoitzan.

Bestalde, elkarteak webgune elebidun berri baten bidez aurkeztuko du bere lana: www.laguntzaetxerat.com
Xehetasun gehiagorentzat:

  • Helbidea: Laguntza Etxerat / 54 Francis Jammes karrika / 64240 Hazparne
  • Telefonoa: 05 59 29 45 80 / Fax: 05 59 70 16 82
  • E-maila: laguntza-etxerat@wanadoo.fr


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi