Fase politiko berrian tresna sendoak behar direla erranez, Euskal Herria Bai egonkortzea proposatu du Batasunak

Argitaratua: 2010-09-01 17:41:59

Xabi Larralde eta Maite Goienetxe, Batasunako ordezkariak. Jagoba MANTEROLA.

2011ean bozak izanen dira Ipar Euskal Herriko hamaika kantomanenduetan. Izan ere, hauteskunde horiek ez direla ekimen isolatu gisa hartu behar uste du Batasunak, Balladur erreformaren itzalpean heldu den bi urtetan beste hauteskunde garrantzitsuak ospatuko baitira. «Euskal Herriaren onarpena helburu duen fase berria irekitzeko xede», abertzaleen arteko elkarlana indartzea baitezpadakoa dela nabarmendu du, gaur Baionan, ezker abertzaleak. Hartara, Euskal Herria Bai-ren aldeko apostu argia egiten du Batasunak, sentsibilitate ezberdinetako abertzalez osaturiko mugimendua egonkortzeko nahikeria agertuz.

Maite UBIRIA | BAIONA
Euskal Herrian egoera politiko berria mamitzen ari den unean, erronka garrantzitsuak badirela agerian utzi dute, gaur Baionan eginiko agerraldian, Maite Goienetxe eta Xabi Larralde Batasuneko ordezkariek.

Lurralde antolaketa berria ekarriko du Balladur erreformak, eta horren ondorioak mahaigainean ezarri dituzte gaur ezker abertzaleko ordezkariek. Alde batetik, Euskal Herrian nagusitzen den erakunde propioaren aldeko aldarria berriz ere baztertua izan dela salatu dute; bestetik, Balladur erreformak azken urtetan sorturiko «sasi-tresnak» -Euskal Herriko Garapen eta Hautetsien kontseiluak aipatu dituzte zehazki- desagertzeko zorian utziko dituela uste du Batasunak.

Ikasturte politiko berriari begira, «Euskal Herriaren onarpena helburu duen fase politiko berria idekitzea» izanen da Batasunaren parioa. «Giro politiko berria» lagundurik, abertzaleen arteko elkarlanak garrantzia berezia hartuko duela nabarmendu dute ezker abertzaleko ordezkariek.

Ziklo osoari begira abertzaleen arteko akordioa
Heldu den urtean Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko hamaika kantonamenduetan izanen diren bozetan Euskal Herria Bai formula indartzea nahi du Batasunak. Edonola ere, 2012 eta 2013an beste hauteskunde garrantzitsuak badirela ikusita, «EHBai egonkortzea ezinbestekoa da» Batasunaren aburuz.

EH Bai hauteskunde plataforma 2007an sortu zen. Abertzaleen Batasuna, Eusko Alkartasuna eta Batasuna osatzen dute geroztik mugimendua. Azken asteotan hedabideetan agertutako berrien arabera, kantonamendu bozetan EH Bai formula berrestearen alde litzateke EA. ABk, bere aldetik, koalizio formula ezberdinak aztertzen ditu.

Alderdi bakoitzean aurrera eramaten diren eztabaidetan eskua sartu ez dutela nahi erran ondoren, EA eta AB alderdiei proposamena luzatu diela jakitera eman du Batasunak. Hain zuzen ere, Euskal Herria Bai mugimendu iraunkorra izaiteko norabidea hartzea proposatzen du Batasunak.

«Fase politiko berrian tresna azkarrak behar ditugu, Ipar Euskal Herriak pairatzen duen ukazioa saihesteko tresna sendoak behar ditugu, horregatik Euskal Herria Bai egonkortzea inportantea dela uste dugu» azaldu dute Batasunako ordezkariek.

Alderdi politikoen bulegoetatik harago, EH Bai formularekin bat egiten duten herritarrek geroari buruz erabakiak hartzeko aukera zabaldu behar dela defendatu du Batasunak.

( Irakurri ere: Besteak beste hauteskunde estrategia izan du aztergai ABk Makean eginiko udako unibertsitatean )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi