Seaskak eta Frantziako Hezkunde Nazionalak gaur itxi duten akordioa dela-eta bere poza agertu du Brissonek
Gaur arratsaldean zabaldu da joan den astean Seaskak "laster batean" ematea espero zuen berria. Parisen izandako bilera baten ostean, Hezkunde Nazionala eta Iparraldeko ikastoleen elkartea akordio batera heldu baitira. Hilabetetako atzerapenaz eta nahiko kostata ere hitzarmena heldu da. Horren aurrean bere poza agertu du arratsalde honetan Max Brisson EEPko buruak. Seaskak, heldu den igandean, Herri Urratsen bestaren karietara, plazaratuko du hiru urtetako hitzarmen honen balorapena.
"Pozten naiz, Hezkunde Nazionaleko Ministeritzak eta Seaska Federakuntzak akordioa adostu baitute egun, Parisen. Negoziaketetan eraman epe luze baten lorpena da honako hau, Xavier Darcos, Hezkunde Nazionaleko Ministroaren nahikeriak aitzina bultzatu duena azken hilabete honetan" azaldu du Max Brissonek prentsa-ohar batean.
Bir maneran, "azpimarratu nahi nuke ere, Paxkal Indo, Seaskako Lehendakariak, atxiki duen negoziatzeko nahikeria, akordiora heltzeko aukera emanez" idatzi du Brissonek.
Hiru urtetako akordioa eta 11 postu
Akordioaren mamiari dagokionez, beti ere EEPko buruaren esanetan, "Seaskaren garapena segurtatzen du akordio horrek ondoko hiru urteentzat. Epe horrentzat, Ministeritzak iragarri dituen 11 postuak, engaiamendu azkar baten adierazle dira".
Bir maneran, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakariak esan duenez, "ikastoletan ematen den eredu pedagogikoaren ezagupena ere egiten du Hezkunde Nazionalak akordio horrekin, hitzarmeneko aitzin solasean, aitzina pauso garrantzitsua eraginez, 90. hamarkadan ikastolen lehen elkarte-kontratuekin egin zen bezala".
Bestalde, "Hezkunde Nazionalak ematen dion laguntzaren emendatze nabarmenari esker, euskararen alde EEPk daraman hizkuntza politika publikoa hobeki egituratzen ahalko da" nabarmendu du Brissonek.




