Frantziako Hezkuntza Nazionalak irakasle postu bat t'erdi gutxienez kendu nahi dio Seaskari
Seaskako arduradunek ez dute berri onik ekarri Parisetik. Bederen postu t'erdi baten murrizketa iragarri diete Frantziako Hezkuntza Nazionaleko ordezkariek Ipar Euskal Herriko ikastoletako arduradunei. Egoera ez da errexa. Eusko Jaurlaritzako diru laguntzak desagertzeko bidean direlarik, Iparraldean ezarririko erakundeen ateak jotzen hasi da Seaska. Arrangura horren berri eman du Paxkal Indok Ortzaizeko ikastolaren estreinaldian, iragan larunbatean.
EAEko gonernuak Seaskako ikastolei ematen zizkien laguntzak murriztuak izan dira, eta Iparraldean ezarritako egituren ateak jotzen hasi dira ikastoletako arduradunak finantzamenduaren bila. "Lehenik eta behin, hemengo instituzioen ardura baita Ipar Euskal Herrian euskara bizi dadin bitartekoak ezartzea", adierazi du Seaskako lehendakari Paxkal Indok, iragan larunbatean, Ortzaizeko ikastola berrituaren estreinaldian.
Parisetik heldu berria zen Indo. Alta, Hezkuntza Ministerio frantsesarekin izandako bilerak albiste onak baino, txarrak ekarri ditu. Seaskako lehendakariak aditzera eman zuenez, irakasle lanpostuen murrizketa iragarri diete.
"Postu bat eta erdi gutxienez kendu nahi omen digute", zehaztu du Paxkal Indok. Hori, "gure beharrak inoiz baino handiagoak direlarik, jadanik postuak eskas ditugularik" agerian utzi du Indok.
Izan ere, gogorarazi duenez, "40 urtez borrokatu gira jakin gabe sobera zeri buruz ari ginen. Egun frogatua dugu, gure borrokak baduela zentzurik, Ikastolak baitira gaurko haurrak biharko eragile euskaldunak izanen direla segurta dezaketen bakarrak. Helburua argi dugu betidanik. Egun bide onean garela badakigu. Beraz ez gaitu deusek geldituko. Euskararen aldeko parioak ez du atzerapausorik onartzen ahal ez eta onartuko ere! ".
Indok nabarmendu duenez, Ortzaizeko ikastola berriaren irekiera ospatu du Seaskak. Lurralde horretan lehen ikastola 1982an Baigorrin sortu zen, bost ikaslerekin. Urteak igaro dira, eta aurtengo ikasturtean ehun ikasletik gora biltzen ditu Ortzaizeko ikastolak. 2.500 metro karratuko eremu berria estreinatu dute.
Ortzaizeko ikastola «burasoen nahikari handi bati esker sortu eta nahikari horri esker ere garatu dela» goraioatu du Seaskako lehendakariak. 815.000 euroko kostua izan duen eraikuntzaren finantziazioan burasoek, Seaskak -Herri Urratsen bidez-, Garazi-Baigorri herriarteko sindikatuak eta Oñatiko Txantxiku ikastolak, besteak beste, lagundu dute.
Azken berrogei urteetan bezala, Ortzaizeko ikastolaren hauspoa gurasoek izaten jarraituko dutela adierazi du Indok. "Gure hizkuntzaren salbatzea denen esku baita, eta hori hemen hasten da"







