Gaindegiaren eskutik, «izaera politikoa ez duen lurraldearen» argazki sozio-demografikoa aurkeztu dute Baionan

Argitaratua: 2010-07-09 13:35:28

Amado, Bidegain eta Urteaga, atzo, UEUko Udako Ikastaroetan, Baionan.

Ipar Euskal Herriko argazkia egiten saiatu da Gaindegia, gure errealitate sozio-demografikoa ezagutzera eman asmoz. 1999. urtetik INSEEk (Frantziako estatistika eta ikerketa departamentuak) ez du Ipar Euskal Herriko daturik ematen. Lanaren zailtasuna nabarmendu zuten atzokoan Eneko Bidegain kazetariak, Lontzi Amado politologoak eta Eguzki Urteaga soziologoak UEUko udako ikastaroen baitan antolaturiko ‘Ipar Euskal Herriko argazki sozio-demografikoa’ txostenaren aurkezpenean.

«Izaera politikorik ez duen eremu baten datu zehatzak bilatzearen zailtasuna” aipatu du Urteagak. Ildo beretik Lontzi Amadok, txostena, hipotesiak egiteko oso baliagarria dela onartu arren, argazkia baino, zoritxarrez, pintzelada lodia dela adierazi du.

Egoera sozioekonomikoaz mintzatu da Urteaga, eta hainbat datu kezkagarri ere aipatu ditu Ipar Euskal Herriko argazkiaz. Herri izaera onartzen dion legea bada, eta neurri batean politika publiko propioak garatu ahal izan baditu ere, Iparraldeak ez du benetako instituziorik, ez du aurrekontu propiorik, ez du konpetentziarik eta beraz, kasik ez du politika propiorik egiteko aukerarik.

8.000 ikasletik gora Euskal Herritik kanpora Aipatu arazoen artean, unibertsitate propiorik ez izatearen kalteak nabarmendu ditu Urteagak. Izan ere, urtero, 8.000 ikasletik gora Ipar Euskal Herritik kanpora joaten da goi mailako ikasketak burutzera, eta horietako asko ez dira itzultzen. Arrazoi nagusia, soziologoaren hitzetan, Iparraldean goi mailako lanposturik ez dela sortzen.

Aktibitate tasa, hau da ehunetik zenbatek lan egiten duten azaltzen digun datua, egoera sozioekonomikoaren argazkia egiteko adierazle garrantzitsua da. Iparraldean %40,7koa den bitartean, hegoaldean %58koa da kopuru hori. Eta eredu beharko luketen herri nordikoetan, Eskandinavian, %74ra igotzen da zifra. Datu hori Ipar Euskal Herriaren gabezia baten adierazle da. Sortze tasa altua, erretretadunen kopuru altua, 50 urtetik gorakoen aktibitate tasa ahula aipatu ditu horren arrazoi gisa.

Tertziarizazioa, urbanizazioa, laborantxa eremuen hustutzea...
Ipar Euskal Herriaren beste hainbat joera honakoak dira: ekonomiaren tertziarizazioa, urbanizazioa eta desertifikazio rurala, eta lan munduaren soldatapekotzea. Inguruko herrialdeen joera berak, finean.

Langabeziak ere, gogorren, emakumezkoei, gazteei eta etorkinei eragiten die. Emakumezkoen eta gizonezkoen akitbitate tasa parekatzea lortu bada ere, emakumezkoek lortzen dituzten lanpostuak askoz ere okerragoak direla azaldu baitu Urteagak.

Hegoaldearekin alderatuz, Iparraldeak industria gabezia nabarmenak dituela ere nabarmendu nahi izan du, langileen ehuneko bikoitza ari baita industrian lanean mugaren beste aldean. Orokorrean ekonomiaren dibertsifikazioa oso urria dela aipatu du, eta baita horren arriskuak nabermendu ere. Iparraldean laborantzak eta turismoak huts egingo balute gainbehera geldiezina litzatekeela dio.

Urteagaren irakurketa, ordea, ez da guztiz ezkorra izan, Ipar Euskal Herriak geroari begira giza eta teknologia baliabideak badituela azpimarratu baitu. Eskandinaviako adibidea eredu gisa hartuta etorkizuna bermatu nahiko balu, Ipar Euskal Herriak ikerkuntzan eta garepenean inbertitu beharko lukeela dio. Baita goi mailako postuak sortu beharko liratekeela ere.

Bertakoak eta kanpokoak euskal ikuspuntutik
Eneko Bidegainek biztanleriaren eta familiaren atalaren inguruko irakurketa egin du. Lapurdin biztanleriak gora egiten duen bitartean, Zuberoako beherakada geldiezina da, azken urteotan.

Berezko saldoa negatiboa da Ipar Euskal Herrian, baina etorkinei esker populazio handitzea jasan du Ipar Euskal Herriak. Dena den datu horiek interpretatzerako garaian euskal ikuspegitik hainbat zailtasun onartu ditu Bidegainek. Izan ere, biztanleriaren %95,7 bertakoak direla dio txostenak. Baina nortzuk dira bertakoak? Hego Euskal Herriko euskaldunak atzerritarrak dira? Estatistiken aburuz bai, baina ez euskal ikuspegitik. Era berean, Frantziatik etorritakoak bertakoak bezala edo atzerritar bezala hartu beharko genituzke? Halako gogoeten inguruan jardun du Bidegainek.

Lontzi Amadok bere aldetik, estatistika hizkuntza bat dela kontuan hartzeko eskatu die UEUko udako ikastaroen baitan antolatutako txostenaren aurkezpenera hurbildu direnei. «Gaindegiak existitzen ez den eremu bat sorrarazteko egin du txosten hau», adierazi du. Ipar Euskal Herria sortzeko, hain zuzen ere.

Baina, kasu honetan, Ipar Euskal Herria objetu bezala existitu araztea eta estatistika propioak izatea oso zaila dela gehitu du, izan ere, Ipar Euskal Herria inguruko lurraldeekin erabat lotuta dago. Lapurdi Landesetatik banatzea, adibidez, ia ezinezkoa litzateke politologoaren arabera. Beraz, emandako datuetan, estatistika guztietan bezala, distortsioak badirela onartu du.

Gaindegiaren ahaleginen zailtasunek eta distortsioek frustrazioa eragiten diotela onartu du. Baina politologoaren ustez, zailtasun, distortsio eta mugak onartuta ere, txostena, ideiak eta hipotesiak botatzeko baliagarria da oso.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi