Garzon epaileak 13 herritar konbokatu ditu D3M eta Askatasuna hautes-zerrendekin harremana dutelakoan
Heldu den martxoaren 1eko hauteskundeei begira zerrendak ofizialak egin eta biharamunean, Baltasar Garzon epaileak hautesle independentisten aurkako bertze urratsa eman du. 13 euskal herritar konbokatu ditu, heldu den ostiralean, espainiar auzitegi berezian deklarazioa emaiteko.
D3M eta Askatasuna zerrenden bidez Batasunaren jarraipena bilatu izana eta «ETAren aginduetara»jardutea leporatzen die Garzonek.
Demokrazia 3 Milioi eta Askasuna hautes-zerrendekin zerikusia duten 13 bat herritar konbokatuak izan dira, heldu den ostiralerako, espainiar Auzitegi Nazionalaren aitzinean. Baltasar Garzonek eman du agindua, espainiar agentziek arratsalde honetan zabaldu duten berriaren arabera.
Zerrendak aurkezteko epea agorturik, eta hautes-batzordeek zerrendeei behin-behineko onarpena eman eta hurrengo egunean Garzonek jauzi berria eman du. Dagoeneko, joan den urtarrilaren 23an epaile berak zerrenda abertzaleen kontra jo zuen. Ondorioz 8 kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Geroztik, Imanol Nieto, Iker Rodrigo, Eli Zubiaga, Amparo Lasheras, Arantza Urkaregi, Agurtzane Solabarrieta, Hodei Egaña eta Iñaki Olalde preso dituzte.
Espainiar agentzien arabera, hauxe lirateke heldu den ostiralean, goizeko 10.00tik goiti deklaratzera deitu dituzten herritarrak: José Antonio Munduate (Askatasunaren lehendakaria); Xabier Isasa Garmendia (Askatasuna); Miriam Díaz Tuesta (Askatasuna); Jaione Unanue Baños (Askatasuna) eta Urtzi Vidal Astobiza (Askasuna); Ainara Etxebarria Escudero (D3M); Itziar Garmendia Mitxelena (D3M); Eneko Aguirre García (D3M); Fernando Antia Zoilo (D3M); Oscar Viteri Castañares (D3M); Lidia Barzena Aurrekoetxea (D3M); Ana Rosa Tapia Gonzalo (D3M) eta Aioa Barrena Salgado (D3M).





