Lasa eta Zabala auzia: 25 urte eta auzipetu bat ere ez kartzelan
Argitaratua: 2008-10-15 11:45:21
Gaur betetzen dira 25 urte Joxean Lasa eta Joxi Zabala euskal errefuxiatuak Baionan bahitu eta ondoren desagerrarazi zituztelarik. GAL espainiako erakunde paramilitarraren lehen ekintza izan zen hura eta 25 urte beranduago inor ez da kartzelan bi euskal hiritarrak bahitu, torturatu eta hiltzeagatik.
Manex Altuna kazetariak GARA egunkarian sinatzen duen informazioan jasotzen denez, Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu eta hiltzeagatik 365 urteko espetxe zigorra -guztien zigorrak batuta- ezarri zien 2000ko maiatzean Auzitegi Nazionalak Enrique Rodriguez Galindo, Julen Elgorriaga, Angel Vaquero, Felipe Bayo Leal eta Enrique Doradori. Gaur egun, ordea, errudun jotako auzipetu guztiak aske dira.
Zigor handiak jaso bazituzten ere, aipaturiko horietako bat berak ere ez ditu 10 urte bete giltzapean. Enrique Rodriguez Galindok, esaterako, bost urte eta bost hilabete besterik ez ditu eman kartzelan, bete beharreko espetxe zigorra 75 urtekoa izanik.
Guardia Zibileko jenerala eta Intxaurrondoko kuarteleko buru izandakoa 2004ko urriaren 1ean utzi zuten aske osasun arazoak argudiatuta. Zapateroren eskutik PSOE Gobernu espainolera heldu eta hilabete gutxira libre geratu zen.
Aipatzekoa da, bestalde, Gipuzkoan Gobernu espainolaren ordezkari ohi Julen Elgorriagaren kasua. 75 urteko es- petxe zigorra ezarri zioten honi ere, baina 21 hilabete baino ez zituen egin kartzelan, horietatik zazpi prebentibo gisa. 2000ko maiatzean hasi zuen kartzelaldia eta 2001eko uztailean bertan utzi zuten aske, osasun arazoak argudiatuta.




