Gaur arratsean aurkeztuko duten txosten independenteak AHT berria eraikitzearen kontrako jarrera indartuko du
Hilaren 17an bilera eginen dute Bordelen AHT kari azken perimetraren ikerketa ofizialki onartzeko. Joan den agorrilaren 27an euskal hautetsiei aurkeztu zitzaien planoa argitara eman dute gaur "Le Journal du Pays Basque" eta "Gara" egunkariek. Bestalde, Suitzako adituen bulego independente batek egin duen txostena plazaratuko da gaur. Hainbat iturriek aipatu digutenez, ikerketa hori ibilbide berriaren aurka azaldu diren herri elkargoen iritzia indartzera dator. Iduriz, egungo ibilbidea hurrengo hiru hamarkadetako beharrak asetzeko balio duela erranen du gaur arratsean Baionan ezagutuko den "kontra espertisa" horrek.
Talde ekologistek uste dutenez, tunelak eraikitzeko hautua egin eta gero populazio anitz duten inguruak ekidin behar zituzten baita bihurgunerik gabeko lur eremuak ere. Horregatik perimetroak ekialdera eraman dute, Azkaine alderat, eta Larruneko magala zulatzeko asmoa agertu du RFFk.
Proposamen hau Bernard Albizu injeniariak aurkeztu zuen badira hiru urte AHT berriaren karietara RFFk antolatu zuen mintzaldi batean. Garai hartan Senpere eta Biriatu artean bost tunel egitea proposatua izan zen. Tunelak egitea karioa dela onartu arren, injeniariaren ustez formula hori aukeratzerakoan beste abantailak badira: lurren desjabetze prozesuak ekiditen dira eta zarata apaltzeko egiturak eta gainerako hertsidurak ez dira ezarri behar.
Izan ere, egun berreskuratu duten egitasmoak bestelako arazoak sortzen ditu. Natura 2000 egitasmoak Larrun mendia gune babestu bezala hartzen du eta egitsmoa mendi horretan diren ur bideak arriskuan ezarriko lituzke.
Bidarteko konexioa baztertu dute
Bir maneran, ekologistek beste traba batzuk aipatu dituzte. Alde batetik tunelek abiadura handiko ibilbide berriaren lehiakortasuna zalantzan jartzen dute: finean tren gutiago erabiliko lukete bide berria eta, bistan da, merkantzia lanjerosak eramaten dituzten trenak baztertuak litzateke baitaere. Victor Pachon, CADEko bozeramaleak ariketa egina badu jadanik: bi norabidetan egunero 3-4 bidaiarien trena eta 30 bat merkantzia trena ibiliko lirateke. Hots, tren berriaren eraikuntza "guziz zentzugabea lirateke".
Berez bi aukera badira: Senpere eta Urruña artekoa lehena, eta Milafranga eta Ustaritze bitartean bestea. Alta, egun ezagutzen dugun petrimetra ikerketak aukera bakarra planteatzen du. Azken herri honen auzapeza den Dominique Lesbats arrunt harriturik agertzen da, "Baionan geltokia eginen zutela jakinik Uztaritze ez zela gehiago hunkitua izaten uste genuen", azaldu du.
Izan ere, badira bi aste aurkeztua izan den txostenak Bidarteko konexia alboratzen du eta Baiona eta Donibane-Garazi artean izanik ala Baiona eta Puyô arteko aukera lehenetsiz ziur da egungo tren bidea atxikitzen duela konexioa egiteko orduan.
Txosten independentearen emaitza gaur arratsean jakiten da
Citec bulego suitzarrari hiru herri elkargoek agindutako txostenaren nondik-norakoak azaltzen ez baditu ere -gaur arratsean, Eric Morvan suprefeturekin bilkura egin eta gero plazaratua izanen da kontra espertisa hori- nolabaiteko lasaitasuna agertzen du Dominique Lesbats auzapezak.
Hainbat iturrien arabera, txostenaren emaitza arras argigarria litzateke: hurrengo 30 urteotan erabili daiteke oraingo tren bidea inongo arazorik gabe.
(À lire: La LGV s'engouffre dans le Pays Basque )
(Irakurri ere: Larrun mendia zulatzeko arriskua, trenbide berriaren egitasmoan )







