Oihartzun handia izan du Ipar Euskal Herrian hezkuntza sindikatuek deituriko grebak

Argitaratua: 2008-11-20 12:14:37

Sindikatu guztiek eta bere ondoan hainbat elkartek greba egitera deitu dute ostegun huntan Frantziako Gobernuak hezkuntzan ezarri dituen murrizketak salatzeko. Grebak jarraipen zabala izan du. Goizean 1.500 bat lagunek parte hartu dute Baiona zeharkatu duen manifestazioan.

Aurten, Frantzia osoan 11.200 postu desagertu ziren heldu den urtean beste 13.500 kenduko dituztelarik. Horregatik, eskola guzietako langile guztiak deituak dira gaur grebari egiteko.

Lanpostuen murrizketak hezkuntzaren kalitatean eragin zehatzak dituela jakinarazi dute sindikatuek. Hala nola, «eskola merkantzia bezala kontsideratua da eta ikaslea sobera kostatzen duen objetu bat» dela salatu du LAB sindikatuak.

Mailaz maila, aldaketak bultzatu ditu Hezkuntza Nazionalak. Hala nola, ama eskolara sartzeko adina handitu dute, horrela haurrek hiru urte izan arte ezingo dira eskolaratu. Bestalde, lehen mailan haurren egutegian astero bi ordu kenduak izan dira.

Bigarren hezkuntzan ikasleen kopurua handitzeaz gain errentagarriak ez diren ikasketa aukerak kendu nahi dituztela salatu dute sindikatek. Finean, Lan Heziketa ikasketak desagertaraziko luke erreforma horrek.

Euskarazko irakaskuntza
Egoera orokorra latza izanik, euskarazko irakaskuntzan arazo larriagoak dira oraindik. Murgiltze irakaskuntzak behar dituen baldintza bereziak ez dira kontuan hartzen. Aurten 14 bat postu falta dira.

Bestalde, burasok gero eta gehiago eredu elebiduna aldarrikazten duten bitartean, Hezkuntza Nazionalak segitzen du eskubide hori ukatzen.

Hezkuntza Ikuskaritzatzen xifrak
Egoera salatzeko asmoz, greba eguna egin dute gaur. Oraino sindikatuek badute datu zehatzik eman, Hezkuntza Ikuskaritzal bere xifrak plazaratu ditu. Bere erranetan, ama eskoletan irakaslegoaren %40ak egin du bat lan etenaldiarekin, lizeotan, berriz, jarraipena erabatekoa izan delarik. Lehen hezkuntza bi herenek segitu dute sindikatuen deialdia.

Bestalde, 11.00etan manifestazioa abiatu da Baionako geltokitik. "Berria" egunkariak eginiko zenbaketaren arabera, 1.500 bat lagunek parte hartu dute martxan. Sindikatuek, bien bitartean, 2.000 lagun karriketara atera direla erran dute. Finean, Poliziak 1.200 manifestarien xifra eman dio Euskadi Irratiari.

Iparraldetik landa, manifestazio jendetsuak izan dira Frantziako hiri gehienetan. Hala nola, 2.500 lagun manifestatu dira Pauen.

Oinarrizko zerbitzuak
Grebak oihartzun zabala izan duela ukatzerik ez da, eta eragina aski sentitu da eskola gehienetan. Alta, abuztuaren geroztik Frantziako Gobernuak gutxienezko zerbitzuak ziurtatzera behartzen dituela eskola zein herriko etxeak gogoratu behar da.

Hartara, ama eskola eta lehen hezkuntzako haurrak jasotzeko harrera zerbitzuak eman dituzte eskola gehienetan. Hirietan, aldiz, herriko etxeen menpe geratzen da zerbitzu hori ematea eta sarritan aisialdi zentroen bidez bermatzen dute umeen harrera.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi