Gaza Elkartasuna kolektiboak elgarretaratzea deitu du larunbat huntako Baionan

Argitaratua: 2009-01-08 18:49:44

Euskal kostaldeko musulmanak (AMCB), FSU, Solidaires, LAB, Abertzaleen Batasuna, Batasuna, CNT 64, NPA-Angelu, Les Amis de Karl Marx, Segi, Askapena... Sostengu anitz lortu ditu gaur goizean Baionan aurkeztu duten Gaza Elkartasuna. Mugimendu berriak jendarteari gonbitea luzatu dio heldu den larunbatean, goizeko 11.00etan, Baionako Herriko Etxearen aitzinean izanen den elgarretaratzera joaiteko.

Gaur goizean Baionan eginiko aurkezpenean Gazaren aurkako sarraskiaren aurrean komunikabideetan zabaltzen ari den informazioarekin «guziz hunkiturik direla» azaldu dute Gaza Elkartasunako ordezkariek.

«NBEren eskola bat bonbardatzea eta 40 bat pertsona hiltzea autodefentsa ekimenarik al da? 1.500.000 biztanle bonbardatzea autodefentsa ekimenarik al da?» galdetu dute gaurko agerraldian, gazatiarrek, bere lurraldean harrapaturik, blokeo luze baten ondorio latzak pairatzen dituztela gogorazteko.

«Erasotzaile bat eta erasotutako bat dira, ez gara-eta bi armaden arteko gerra baten aurrean, baizik eta mundu mailako armada indartsuenetariko batek populazio zibilaren kontra burutzen duen eraso baten aurrean», gaineratu dute.

Frantziako lehendakariak, Nicolas Sarkozyk, eta Europako Batasunak burutzen duten politika gogor gaitzetsi ondoren, euskal jendarteari luzatu diote deia «palestinarren aurka burutzen duten zigor kolektiboa» salatzeko.

Hain zuzen, heldu den larunbatean, goizeko 11.00etan Baionako Herriko Etxearen aitzinean eginen den mobilizazioan parte hartzeko gonbidatu dute jendea.

Era berean, nazioarteko herrialdeek Israelen aurkako zigorrak ezartzea; EBk Israelekin duen akordioa bertan behera uztea; Israelgo soldaduak Gazatik berehala ateratzea, eta blokeoa altxatzea aldarrikatu dute.

Gaza Solidarité: Communiqué (en français)


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi