Gazte Martxa Saratik Lesakara, apirilaren 6tik 7ra, "Euskal Herri aske eta burujabearen" eraikitzeko

Argitaratua: 2012-02-26 21:53:46

Jalgi hadi garaipenera! gazte dinamikako hirurogei bat kidek agerraldi bat egin dute Saran, heldu den apirilaren 6an bertatik partitu eta ondoko egunean Lesakan ailegatuko den Gazte Martxan parte hartzera deia zabaltzeko. "Euskal Herriaren askatasunaren alde, etorkizuneko jendarte eredu berriaren alde" milaka urrats eginaraziko eta "elkar harremandu eta elkarrengandik ikasteko aukera paregabeak" eskainiko dituen martxaren harira, apirilaren 8an Iruņean Independistak sareak deituriko Aberri egunean parte hartzeko gomita luzatu dute ere.

Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena betetzen den urtean, "asimilazioari aurre egiteko beharraz ohartuta", Jaiki Hadi Garaipenera ekimena martxan jartzea erabaki dute zazpi herrialdetako gazteek. Aurkezpena Nafarroaren hiruburuan egin zuten hilabete hastapenean. Dinamikaren antolakuntza aurrera atera ahal izaiteko, webgune bat plantan ezarri dute: www.jalgihadigaraipenera.com da honen helbidea.

"Ameslariak garela leporatzen digute sarritan, ametsak hori direla, soilik ametsak. Baina ez dira ohartzen euskal gazteok gaitasun berezi bat daukagula: ametsak egi bihurtzeko gaitasuna. Nork pentsatzen zuen 1512an herria batuta mantenduko zela? Nork uste zuen borroka piztuta jarraituko zuela?

Etsita geundela saldu ziguten, inbadituak eta garituak izan ginela sinestarazi ziguten. Baina ez ziren ohartu gure gaitasunaz. Eta egun esan dezakegu, Euskal Herriak hemen jarraitzen duela, zutik eta batua, duintasunez aurrera jarraitzen duen herria" plazaratu du ekimeneko Aitor Martin kideak.

"Iragana buruan izanik, etorkizuna marrazteko momentua heldu zaigu. Utopia zena, ametsa ematen zuena, errealitate bihurtzeko aukerak zabal zabalik ditugu. Hartu dezagun 500 urteetako borrokaren uzta eta eraiki dezagun biharko Euskal Herri gorria. Estutzen gaituzten kateak apurtuz, bildu dezagun historia,
batu dezagun gazteria, aktibatu dezagun herria, eraiki dezagun Euskal Herria!" gaineratu du Elorri Arinek.

Hogei bat kilometrotako Gazte Martxa Saratik abiatuko da apirilaren 6an, ortziralez eta Bera zeharkatu ondotik, Lesakan bukatuko du larunbatean. Baita ere, Independentistak sareak apirilaren 8an Iruņean antolatuko duen Aberri Egunara parte hartzera deia zabaltzen du Jalgi Hadi Garaipenera! gazte abertzale dinamikak.

( Gazte Martxaren spot delakoa hemen ikusgai da )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi