Gazteek okupatu duten etxearen jabea Hendaiara etorriko da laster
Kazeta.infok jakin berri duenez, gazteek okupatu duten etxearen jabea "gaur ez bada, bihar" Hendaiara helduko da. Hendaiako gazteek joan den larunbatean publiko egin zuten etxe baten okupazioa, eta atzo prentsa-aurrean azaldu zuten ekimen horrekin lortu nahi dituzten helburuak. Herritarrekin harremana sustatzeko, bihar auzokideekin bazkaria antolatu dute gazteek.
Hendaiako gazteek eraikin bat okupatu zuten joan den uztailaren 11n. Lilen karrikaren 7. zenbakian kokatzen den etxea batzuentzat etxebizitza, besteentzat aterpetxe edo kulturgune izan nahi dena espazio libre gisa definitu dute. Herriko Etxearekin izandako alferrikako hartu emanen ondoren etxea okupatzea deliberatu dutela azaldu dute gazteek.
Gaztetxea ez da bestarako gune soilik izateko helburuarekin sortu eraikina okupatu duten gazteek argiki aditzera eman dutenaren arabera. Horren seinalde dira iadanik landatzen hasi diren baratza eta bihar auzokideekin antolatu duten bazkaria.
Polizia Nazionala Gaztetxeko arduradunak ikustera joan zen igandean, baina okupazioa legedi penalaren aurrean deliturik ez duenez ezin izan dituzte etxea okupatzen ari diren pertsonak kanporatu. Alta, jabea aurkitzeko desmartxa administrazioak berehala martxan ezarri ziren. Eta, iduriz, jabea atxeman dute jada.
«Herriko Etxean dossier bat aurkeztu genuen eta udal hauteskundeetan oraingo auzapezak gaztetxea emango zigula esan zuen. Hitz-emandakoa betetzen ez zela ikusita etxe hau okupatzea deliberatu genuen» azaltzen du Mathieu izeneko gazteak beti ere okupazioa ez dela ilegala "bidezkoa baizik" nabarmenduz.
Ateak idekiak dira
Gaur egun hiru pertsonen bizileku bilakatu da etxea. Horretaz gain pasaian den jendearentzako doako aterpetxea ere izatea nahi dute Hendaiako gaztetxea: «Eguneroko lanaren bitartez sinisgarritasuna lortu nahi dugu, horregatik baratzea eta oilotegia ari gara egiten». Etxea espazio librea izatea nahi dute, horregatik inguruko jendea baratzean ere parte hartzera gonbidatu dute, bai landatzera, baita etekinak biltzera ere.
Alde kulturala ere jorratuko dute asanbladakoek, nahiz eta oraindik zein eremu jorratuko diren ez den guztiz erabaki. Laburmetraien produkziorako eta erakusketarako toki izatea proposatzen da.
Eraikin ederra
Eraikina, garai bateko harrizko etxe ederra, hondartzako auzoan dago kokatua. Urteak dira inor ez dela bertan bizi. Duela bi urte salgai zegoela adierazten zuen kartel bat zegoen sarreran kokatua, baina geroztik ez da bestelako mugimendurik izan. Orain aldiz euskaraz eta frantsesez «Etxebizitza ukatea luxu bat delarik okupatzea eskubidea» jartzen duen kartela ikus daiteke Lilen karrikatik pasatzean.
Gazte taldeak eraikina okupatu zuenean irekia aurkitu zuen eta horregatik delitu penalik ez dagoela adierazi dute. Bertara sartzean beraien etxebizitza ezarri zuten, beraz poliziak ez du bertara sartzeko eskubiderik. Orain administrazioaren bidea zabalduko da eta horrek hartuko duen denbora zenbatekoa izango den ezin da aurrikusi.
Eraikina barrutik hutsa aurkitu zuten gazteek eta orain arte barrutik zein kanpotik garbitzea deliberatu dute, inolako hondaketarik egin gabe. Lorategian barazkiak eta fruituak landatzeaz gain, komuna idorrak ere ari dira egiten, laster erabiltzeko moduan izan daitezen.





