Gazteen aurkako operazioan Frantziako Poliziak «tortura fisikoaren muga ikutu duela» salatu du Askatasunak
Frantziako Poliziak Ipar Euskal Herrian burutu duen azken operazioan atxilotuak izan diren gazteek eta haren familiek agerraldia burutu dute arrats huntan Baionan Askatasuna elkartearen eskutik. Bortizkeria, manipulazioa eta presioa izan direla polizi operazio horren ezaugarri nagusiak salatu dute bertan. Besteak beste Xan Beyrie gazte kanbotarra bortizki harrapatu eta dagoeneko autoan zelarik boltsa ezarri ziotela buruan jakinarazi dute. Jon Goio errefuxiatuari, bestalde, pistoleta buruan ezarri eta autoz mugaren bestaldera, Irunerat, eraman zutela Espainiaratzeko mehatxuari indarra emateko asmoz gaitzetsi dute.
Maite UBIRIA
Kolpeak atxilotzeko orduan, pistolak buruan, elektrodoak erabiltzeko mehatxuak, boltsa buruan, atxilotuei ez ezik familiei informazio faltsuak eman..... Frantziako Poliziak ekainaren 27tik aurrera burutu zuen azken operazioaren xehetasunak ezagutzera eman ditu Askatasunak gaur Baionan eman duen prentsa-aitzinean.
Elkarteak azaldu duenez, Xan Beyrie atxilotu zutenean, «lehen susmo txarrak agertu ziren». Gaztea Kanboko Intermarche ondoan harrapatu zuten, lurrera bota, auto baten kontra kolpatu... Lekukoek azaldu dutenez atxiloketa bortitza izan zen. Ondoren, autoan sartu eta gazteak leihoa irekitzeko eskatu zuenean, hatsanka edo asma arazoak zituela adieraziz, poliziek poltsa batekin estali zioten burua.
Handik bi egunetara hau da ekainaren 29an, gertatu ziren gainerako 11 atxiloketek (10 gazte bat atzeman zituzten eta baita Jon Goio iheslaria ere ) susmoak egiaztatu zirela adierazi dute Anaiz Funosas eta Muriel Lucantis, Askatasunako ordezkariek.
«Kalaka aferan gertatu zen operazioa burura etorri zitzaigun, garai hartan herri ostatuak izan zituzten helburu, eta oraingo honetan gazteak, baina bi kasuetan polizi nombra handia, polizi talde ezberdinak eta bonbardaketa mediatikoa izan dira hizpide nagusiak», nabarmendu dute.
Orotarat 12 pertsona atxilotuak izan ziren. Horietatik bat ekainaren 29an bertan aske gelditu zen. Beste 11 pertsonek egunak eman zituzten komisaldegian. Atxilotzeko epea antsu agortzear zelarik, 9 aske gelditu eta beste hiru kartzelara bidali zituen jujeak. Ibai Agirrebarrena eta Eneko Etxegarai Fleuryko espetxean sartu dituzte eta Gilen Goiti, ordea, Fresnesen.
Ekhi Erramundegi bertsolariak eta Txomin Catalogne Segi gazte erakundeko kideak atxiloketa denboran gertatu ziren bortizkeriak agerian utzi dituzte. Xan Beirye kasua aipatzeaz gain, Jon Goio errefuxiatuak pairatu zuen tratamendua deitoratu dutelarik.
«Borrokaren erreleboa ordezkatzen duten gazteak makurtarazi nahi dituzte»
Goio banatzaile gisa lan eginen du eta Zuraiden harrapatu zuten. 2 auto gurutzatu zitzaion bidean eta kagulatuak zihoazen poliziek harrapatu, lurrera bota eta pistola buruan ezarri zioten.
Atxiloketa garaian etengabe presioak eta irainak jasan zituen eta elektrodoak ezartzeko mehatxu egin zioten erefuxiatuari. Are gehiago, Hendaiako komisaldegian zela baliatuz, pistola buruan ezarri, auto batean sartu eta bi aldiz mugaren bestaldera, Irun aldera, eraman eta Espainaren poliziaren esku uzteko eginiko mehatsuari indarra emateko.
Horiek guziak pairatuta, apirilaren 18az geroztik desagerturik den Jon Anza militanteari gertatutakoa etorri zitzaiola burura behin ban gehiagotan aitortu du Goiok.
"Polizia frantziarrak tortura sikologikoa erabiltzen zuela bagenekien, baina oraingoan tortura fisikoaren mugarat heldu dira" salatu du Askatasunak.
«Indarkeria, presioa eta manipulazioa» baliatuta, gazteak ixilean eta beldurturik izaitea nahi dutela azaldu du elkarteak. «Borrokaren erreleboa ordezkatzen duten gazteak makurtarazi nahi dtuztela» gaineratuz.
Aitzina begira, atxilotuak izanen diren jendeak «poliziek gezurrak kondatzen dituztela jakin behar dute, baita atxiloketa garaian isiltasuna gordetzeko eskubidea dutela» azpimarratu du Askatasunak. Bir maneran, «jauzi errepresiboa egunerokoa bilakatu dela» ohartarazi, eta «egoera larri» honen aurrean bere ardurak har ditzatela eskatu die Askatasunak komunikabideei zein eragile politikoei.
«Hedabideen esku dago gertatzen dena ixiltaraztea edo polizi iturriek zabaltzen dituzten faltsukeriak auzian ezartzea» adierazi dute.
Azkenik, «erantzun emateko tenorea dela» gogoratu eta polizi operazioa salatzeko heldu den larunbatean, arratseko 5etan, Donibane Lohizunen eginen duten manifestazioan parte hartzeko gomita zabaldu du Askatasunak.





