Gazteen euskarazko aisialdi eskaintzari buruzko ikerketak egoera gazi-gozoa azaltzen du

Argitaratua: 2012-05-22 21:45:51

Gazteak EHZ festibalean, iaz, Heletan.

Euskararen etxeko transmisioa txikituz doan unean, aisialdiak eta eskolak garrantzi handia hartzen dutela nabarmendu dute Battittu Coyosek eta Erramun Baxokek landu duten ikerketan. "Gazteak, aisialdia eta euskara Ipar Euskal Herrian" ikerketa kaleratu berri dute Euskaltzaindiaren Jagon sailean.

Ainize BUTRON | BAIONA
Battittu Coyosek eta Erramun Baxok euskaltzale eta euskaltzainek "Gazteak, aisialdia eta euskara Ipar Euskal Herrian" ikerketa kaleratu berri dute Euskaltzaindiaren Jagon sailean. Aisiak egungo gizartean daukan garrantzia goraipatuz, Ipar Euskal Herrian gazteei eskainitako aisialdi aukeretan euskararen presentzia norainokoa den, euskara zertarako baliatzen den eta zein testuingurutan egiten den atalez atal aztertzen aritu dira bi ikerlariak.

"Gaur egungo gizartean gero eta aitzina gehiago badugu, eta, aisialdiak du aitzina betetzen", nabarmendu zuen Erramun Baxo ohorezko euskaltzainak. Bidaiak, komunikabideak, liburuak, musika, antzerkia, artegintza, kirola, joko elektronikoak, ikus-entzunezko ekoizpenak eta kultur eskaintza orokorreko arloetan gazteen jarduerak aztertu ondoren, arrakastatsuenak zinema eta kirola direla agertzen da ikerketan.

Eta, orokorrean, euskal kulturari loturiko ekintzetatik kanpo, hau da, bertsolaritza, dantza, edo antzerkigintzatik kanpo, euskaraz eskaintzen den aisialdi aukera urria dela agerian jarri dute. "Gazteek gero eta euskara gehiago ikasten dute, eskolan etxean baino gehiago. Euskara maite dute, baina ez dute biziki baliatzen kultur ekintzetan eta mugaz gaineko harremanetan ez bada", argitu zuten ikertzaileek. Testuinguru horretan, ikerkuntzan hamabi proposamen eta gomendio zehatz egin dituzte.

Gomendioak
Iparraldean aisialdia euskaraz proposatzen duen egitura bakarrenetarikoa Uda Leku denez, opor zentro sare hori lurralde osora zabaltzea beharrezkotzat jo zuten, besteak beste, bi ikerlariek. Ikus-entzunezko atalari dagokionez, egungo irrati sarea indartzeaz gain, Hego eta Ipar Euskal Herriko telebistak uztartzea, haur eta gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko jokoak eta euskarri elektronikoak sortzea eta moldatzea proposatu zuten. Baita euskarazko filmak hedatzeko egitura bat antolatzea eskatu ere.

Bestalde, berezko aisialdian eta gaztetxeetan diren euskarrien euskalduntzea lan-ildo eraginkorra litzatekeela diote.


Komentarioak

icon

Jakes Larre | EKE

2012-05-23

Ikerlan horren bilduma hemen irakurgai: http://www.eke.org/partaideak/blogak/soziolinguistika/gazteen-aisialdia-eta-euskara

Komentarioa idatzi