Susmo txarrak bete dira eta gazteendako Akamarreko zentroa itxi dute
Azken astetan zabaldutako susmo txarrak bete dira eta dozena bat langile dituen Bidaxune aldeko Akamarreko Hezkuntzarako Zentro Indartuak ( CER ) ateak hetsi ditu. CERek delitu batengatik zigortuak izan diren edo bazterketa egoera pairatzen duten gazteak hartzen zituzten eskola horretan. Gazteriaren Babes Judizialaren ( PJJ ) zuzendaritzak emandako agindua jarraituz, Baionan eta Hendaian beste bi zentro kudeatzen dituen Philae elkarteak Baxe Nafarran duen Akamarreko zentroa itxi behar izan du egituran egin behar ziren lanak ez direlako egin. Langileek Philae elkartearen kontuen gaineko ikerketa eskatu dute.
Gazteriaren Babes Judizialak segurtasunaren astakurua erabiltzen badu ere, Philaeren zuzendaritzarentzat arrazoina bestelakoa da. Haren idurikotz Akamarreko egitura administrazio publikoak jasaiten duen buxeta murrizketaren biktima berria da.
"Administrazioak halako zentroen existitzea zalantzan ezartzen du ekonomia aitzakitzat hartuz. Akamarreko CERak 8 gazte errezebitzeko gaitasuna du, hiru hilabeteko epe mugatu batentzat, eta 1,2 milioi euroko urteko buxeta du" azaldu du Baxe Nafarroko zentroko eta Hendaiako Hetsitako Hezkuntzarako Zentroko ( CEF ) Jérôme Valère zuzendariak.
CEF batek 12 gazteren hartzeko gaitasuna du. Bi egituren zuzendariaren idurikotz botere publikoek ekonomia arrazoin batengatik CEFei lehentasuna emanen diete.
Azken finean Akamarreko CERaren hezitzaileen geroa ilundu da. Aste honetan jakinarazi diete beraien lanpostuak desagertzen direla. Tokiko hautetsiengan eraman duten interpelazio lanak ez du itxiera erabakia deuseztatu.




