Gerra zikinaren berrabiatzearen aitzinean geldirik ez dela geratuko oharrarazi du ezker abertzaleak

Argitaratua: 2009-07-18 16:43:22

Jon Anza ETA erakundeko militantea Baionako geltokian desagertu zenetik hiru hilabete betetzen direnean, ezker abertzalearen ordezkaritza zabala prentsa-aitzinean azaldu da goiz huntan Lapurdiko hiriburuan. Batasuna, LAB, Askatasuna eta Segi erakundetako ordezkariekin batera iheslari polikoen kolektiboaren ordezkari anitz izan dira Moderne trinketean buruturiko agerraldian. "Jonekin zer egin duzue ? ", galdera idatzia zeukaten afitxak atzean zituztelarik, ezker abertzaleko ordezkariek harreman erronda bat abiatuko dutela eragile politiko guziekin iragarri du Xabi Larralde, Batasuneko mahaikideak.

Maite UBIRIA / BAIONA
Larraldek azaldu duenez, Donostiako preso ohiaren desagerpenaren berri izan zuenetik Jon Anza non den galdetu du etengabe ezker abertzaleak. Alta, hiru hilabete eta gero iheslariaren inolako arrastorik agertu ez denez, "Jonekin zer egin duzue ?" galdetzea egokiagotzat jo du Batasuneko mahaikideak.

Heldu den egunetan eragile politiko guziekin harreman erronda abiatuko dutela iragarri du Larraldek, baita "ezker abertzaleak ez duela onartuko nehork mintzatzeko eskeintza horri ezetz erraitea" oharrarazi ere.

Espreski, iheslari politikoaren desagerpenak "gerra zikinaren berrabiatzearen aitzinean jartzen gaituela" salatu du Larralde, eta "egoera larria izanik" nehork ezin duela "isiltasuna gorde edo bere burua gertakari honen kanpo ezarri" adierazi du irmoki Batasuneko ordezkariak.

Ipar Euskal Herrian Frantziak duen polizi kopuru izugarria aitzat hartuta, espainiar polizien "ohiko parte-hartzea atxiloketetetan", eta bereziki 70. eta 80. hamarkadetan gauzatu zen "gerra zikinaren" estrategiaren ondorioak aipatuz, "nehork pentsa daiteke estatu frantsesak fitxik jakin gabe desagertarazi dutela Jon ?" galdetu du Larraldek. Frantziako gobernuaren ardura zehazki markatuz, "ezker abertzalea ez da geldirik izanen" adierazi du mahaikideak, eta "Jon atzeman arte ez dugu etsitzen" gaineratu du.

Anaiz Funosasek Ahetzen bizi eta Hendaiako Sokoako lantegian jardun zuen militante politikoaren desagertzea argitzeko, bai familia eta lagunek abiatu dituzten peskizak, baita Baionako prokuradoreak zabaldu duen inkestak "maleruski emaitzik ez dutela eman" deitoratu du.

Hiru hilabete berririk ukan gabe

Joan den apirilaren 18an, Marie-Joël Paskassiau, bere neska lagunak, Baionako tren geltokirat eraman zuen Jon Anza. Bertan Okzitaniako Tolosarat eraman behar zuen trena hartzera lagundu zuen. Geroztik militante donostiarraren familia keta lagunek ez dute berataz nihundiko berririk ukan.
Maitzaren 15ean Baionako auzitegian militantearen desagerpena salatuz plenta ezarria zutela Baionako Auzitegian iragarri zuen Anzaren familiak prentsa aitzinean.

Handik hiru egunetara, maiatzaren 18an, ETA erakundeak Jon Anza bere militantea zela aitortu eta Tolosan erakunde armatu horren beste ordezkari batzuekin ezarria zuen hitzordurat ez zuela inoiz arribatu azaldu zuen agiri baten bitartez.

Desagarpena salatzeko mobilizazio ugari izan dira geroztik. Hartara, mila lagunetik gora elkartu ziren maiatzaren 23an Hendaian egindako martxan, eta ehunka lagunek UMP alderdiaren biltzarra zela medio garaiko Barne ministroa, Michèle Alliot-Marie aitzinean eraman zuten Anzaren desagertzearen salaketa, maiatzaren 30ean, Biarritzen. Poliziarekin tentsio uneak izan ziren hondartza parean.

Donostian, bost mila bat lagun bildu ziren ekainaren 13an egin zen manifestaldian. Sokoako langileek, bestalde, hilabetean behin elgarretaratzea eginen dute bere lankide zenaren desagertzea salatzeko.

Hortaz gain, Anzaren desagerpena ezagutua izan eta hilabete batera Askatasunak brigadak antolatu zituen iheslaria bilatzeko baita informazioak jasotzeko telefono zenbakia ezarri zuelarik. Alta, Anzaren arrastorik ez dute atzeman. Bir maneran, inkesta ofizialak ez du aparteko emaitzarik eman.

Gertakari isolatua ez da
Egoera honetan, eta bereziki "beste hainbat aurrekari" izan direla aitzat harturik -zehazki Juan Mari Mujikak joan den abenduan Donapaleunen zelarik pairatu zuen bi oreneko bahiketa eta baita Lander Fernandez preso ohiaren kasua eta Arkaitz Goikoetxearen familiak atzo bertan jazo zuen erasoa aipatu dituzte gaurko agerraldian- "gerra zikinearen estrategia berri bat martxan dagoela" salatu du Anaiz Funosasek.

Ezker abertzalearen ustez, "frantses eta espainol gobernuak dira, dudarik gabe, Jon Anzaren desagertzearen erantzuleak" eta, ondorioz, "beraiek erantzun behar diote Nun da Jon ? galderari". Bir maneran, "iraingarritzat" jo du Rubalcaba Barne ministro espainiarrak publikoki eta orduko Barne ministro frantziarra, Alliot-Mariek, ahopeka, "zabaldu duten bertsio ofiziala sinesgaitza bezain lotsagarria". Max Brissonek, Biarritzeko mitinean esandakoa berdin onargaitza dela azpimarratu du Larraldek.

Anzaren desagerpena Euskal Herriaren historia hurbilean gertatu den kasu bakarra ez dela gogoratuz -Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur , Jose Miguel Etxeberria Naparra , Joxi Zabala eta Joxean Lasa, eta Jean Louis Larre Poporen aipatuak izan dira aurrekari gisa- , eta "egun pairatzen dugun eraso orokorraren helburua Euskal Herria gatazka atakatik atera eta eszenatoki demokratikoa eratu nahi duen sektore politikoa bide bazterrean uztea" duela helburu nabarmendu ondoren, Joan Anza agertu bitartean "ez gira geldituko" berretsi dute goiz huntan Baionan esker abertzaleko ordezkariek.

(A lire: Entretien avec Koldo Anza, frère de Jon Anza )

(Irakur ere: Gobernu frantsesa «GAL berri baten atzean» egon litekeela uste dute. Gara )

(Irakur ere: Gerra zikina «berrabiatu» dutela ohartarazi du ezker abertzaleak. Berria )

(A lire: Trois mois après un mystère total demeure sur la disparition de Jon Anza. Sud-Ouest )


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi