"Goazen lanerat, Euskal Herriaren alde, Europan ere gure geroa eraikitzeko"

Argitaratua: 2009-06-01 02:16:31

Hitz horiekin amaitu du bere mintzaldia Ixabel Etxeberriak EHAk Europako hauteskundeei begira buruturiko ekitaldi nagusian. 400 lagun goiti elkartu ziren, igande arratsean, Ezpeletan antolatutako mitinean. Jon Anzaren argazkia ohorezko tokian ezarria zen oholtzan emozioz beteriko uneak bizi ziren, besteak beste Gabi Mouesca preso politiko ohiak "bozeramaleak ez ditugu behar, helduak gara, eta gure askapen prozesuaren ahotsa izan behar dugu" adierazi ondoren EHAren alde bozkatzea eskatu zuenean.

Maite UBIRIA / EZPELETA
Jon Anza militante politikoaren argazkia aitzinean zuela "une larriak" bizi garela adieraziz zabaldu duen Arantxa Irigoienek EHAk eginiko mitina. Aurkezleak Ahetzeko bizilagunaren desagerpenak iraganean gertatutako beste pasadizo ilunak gogora ekartzen duela nabarmendu zuen ondoren. Popo Larre, Naparra eta Pertur euskal militanteak aipatu zituenean jendeak txalo zaparrada batekin erantzun ziolarik.

Koldo Gorostiagak eurodeputatu ohiak, Legebiltzarrean zuen denbora tarte murritza gogoratuz hasi zuen bere mintzaldia, ondoren "denbora gutxian bada ere mezu garbia pasatzeko parada badagoela" aski frogatu zuelarik. Euskal Herritarrok eskutik lortu zuela hautatua izaitea eta badira bost urte ezker abertzaleak aukera ez zuela izan berriz aurkezteko, "Madrilek, Parisek eta Bruselak Euskal Herriaren existentzia ukatzen ahalagintzen dutelako" azaldu zuen.

"Euskal Herria bat eta bakarra da, gure arbasoengandik belaunaldiz belaunaldi jaso dugu nazio izateko grina eta kemen horren adierazle da gaur Euskal Herriaren Alde zerrenda" nabarmendu zuen Gorostiagak.

Eneritz Zabaleta bertsolariaren txanda heldu zen ondoren, eta gazte baionarrak Europa kolore askotarikoa dela agerian utzi eta berehala, aukeran "zuri, berde, gorri" hobe dela erran zuen.

www.bozkabaertzale.eu blogean 900 sostengu goiti jaso duela EHA zerrendak gogoratu eta gero oholtzara igotzera gonbidatu zuen aurkezleak Gabi Mouesca, preso ohia, Observatoire International des Prisons (OIP) erakundeko ahots ezaguna eta Autonomia Eraiki taldeko kidea.

Bi argudio eman zituen Mouescak "bozkatzeko eskubidea ez duen pertsona batek" EHAri boza ematea eskatzeko. Mouescak EHAk aurketuriko zerrendaren "radikaltasun osasungarria" goraipatu zuen lehenik eta behin. Instantean, Euskal Herria bere askapen prozesuaren jabe izan behar dela irmoki defendatzeko.

Hartara, "helduak gara, ez dugu bozeramale bilatu behar, gure ahotsaz mintzatzeko gai gara", azpimarratu zuen preso ohiak.

Borroka tresna guziak
"Herri bezala ezin gara permititu inolako borroka tresna baztertzea, gaur, espreski hauteskundeetan egotea beharrezkoa dugu" adierazi zuen Mouescak. EHAri bozka emateko bigarren arrazoia aioatuz, "askatasuna ez duten pertsonen alde, presoen alde" bozkatzera gonbita luzatuz amaitu zuen Mouescak.

Txalo artean agurtu zuen jendeak OIPren ordezkariak eginiko mintzaldia eta behin baino gehiagotan txalo eta oihuekin erantzun diote baita ere ondorengo hizlariari, Tasio Erkiziari.

Ezker abertzaleak, orain dela bost urte bezala, zazpi lurraldeetan izen bereko zerrenda aurkezteko asmoa bazuela ere, Madrilek daraman ilegalizazio estrategiak hori ezinezkoa bihurtu duela azaldu du, lehinik behin Erkiziak.

Iniciativa Internacionalistari esker "eurodeputatua lortuko dugulako" bere poztasuna agertu ondoren, Europan nazio bezala agertzeko, "egun diren muga kulturalak eta sikologikoak" gaindituz, "denon artean nazio estrategia eratu behar dugu" nabarmendu du militante historikoak.

"Ez EAEtik, ez Nafarroatik, ez da Iparraldetik soilik abiatuta ezin dugu nazioa eraiki" azaldu ondoren, "egungo mugak elkarlanean arituz, auzolanaren bidez, gainditzera" gonbidatu du Erkiziak.

Presoen aldeko mezua
Erkizia oholtzatik irten eta gero Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) eta errefuxiatuen ikurrak ezarri zituzte oholtzako erdi-erdian, eta Anaiz Funosas, Askatasunaren ordezkariak, "milaka pertsona falta dira herri honetan eta asko ukanen zuten erraiteko kanpaina honen kari" gogoratuz hasi du bere mintzaldia.

Egungo Europak "eskubide eta askatasun guztien urraketa bermatzen duen sistema da" salatu du eta espreski "estatuek nahi duten lege, tresna eta jokabide bortitz erabiltzen dituztela" agerian utzi du. Horren aitzinean, "borrokan segitzen dugu, Polizien Europaren ordez, herrien Europa eraiki nahi dugulako" azpimarratu du Funosasek.

EHA zerrenda osatzen duten hautagai guziak oholtzara igo dira, ondoren, Ixabel Etxeberria zerrendaburu gertutik sostengatuz. Aspalditik eginen duela lan ezker abertzalea erakundeetan erranez ideki du bere diskurtsoa Etxeberriak, eta Udalbiltzaren esperientziatik abiatuta, "herri bat bezala agertu nahi dugu Europan" azaldu du.

Lituania bezala, 12 deputatu eske
"Lituaniak 3 milio biztanle ditu, eta 12 deputatu Europako Legebiltzarrean. Guk ez dugu gehiago eskatzen, ez da gutiago ere, 12 deputatu ukan behar du Euskal Herriak Europan", adierazi du.

EHAk burutu duen kanpainarekin pozik agertu da. "Herriz herriz eta auzoz auzoz ari gira lanean, atzo, gaur, eta ekainaren 7ren biharamunean berdin segitzen dugu " azaldu du Etxeberriak. "Ez dugu ika-mikarik bilatu, gure arerio politikoa zein den ondo dakigulako. UMP dugu gure aurkari, eta alderdi horren zerrendan hirugarrena den Lamassoure eurodeputatu atera ez dadin lan eginen dugu".

"Lamassourek bake prozesuaren aurka bozkatu zuen, Lamassourek frantsesa hizkuntza bakarra izatearen alde bozkatu du, Lamassourek, finean, Lisboako Itunaren alde bozkatu du herritarren boza errespetatu gabe, horregatik, bera dugu aurkari, bera hautatua ez izateko lan egin behar dugu", gaineratu du.

Bezperan Jon Anzaren desagerpena salatzeko Biarritzen antolatutako elgarrataratzearen kontra bortizki aritu izanagatik gogor kritikatu du Etxeberriak "UMPren polizia".

"Gaur eta bihar Sarkozyren Europa horren kontra borrokatuko dugu, eta jendearen borondatea eta tokiko egitasmoak eta erakundeak aintzat hartzen dituen Europa eraikitzen segituko dugu" azpimarratu du idazleak.

"Goazen lanerat! Euskal Herriaren alde, Europan ere gure geroa eraikitzeko!" erranez bukatu du bere mintzaldia Urrunako hautetsiak. Mintzaldia amaitu eta gero kontzertuaren ordua heldu da Ezpeletan.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi