Gobernu frantsesaren "politika xenofoboari aurre egiteko" manifestazioa larunbatean Baionan

Argitaratua: 2010-09-01 09:41:31

Sarkozyren gobernua komunitate ezberdinekiko erakusten ari den "jokaera xenofoboaren kontrako" mobilizazioak eginen dira Estatu frantsesean larunbatean. 50 elkarte, talde, partidu eta sindikatuk egin dute deialdia. Euskal Herrian, goizeko hamaiketan elkartaratzea eginen dute Baionako Herriko Etxearen aitzinean. «Xenofobiaren eta jazarpen politikoaren aurrean: askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna» aldarrikapenaren atzetik milaka biztanle mugiarazi nahi dituzte komunikatua sinatu duten elkarteek.

«Errepublikako presidenteak giza talde sozialak eta komunitateak osorik agerian utzi ditu, Erromaniarrak estigmatizatu ditu eta ondoren, nomadak, atzerritarrak," jatorriz" frantsesak ez direnak, haur gaizkileen burasoak... izan dira. Hori eginez ez da delitugintzaren kontra borrokatu, baizik eta zalantzan jarri ditu berdintasun errepublikarrak bermaten dituen oinarriak» azpimarratu dute komunikatua sinatu duten elkarteek.

Errumania eta Bulgariako erromaniarren kanporaketarekin hasi zen aferak garapen handia izan du, bereziki Sarkozyren gobernuko kideen ahoetan. Hori dela eta ekimenera deitzen duten 50 taldeek ekintzara pasatzeko mementua heldu dela deliberatu dute.

«Muga zeharkatua izan denez eta horrek kezkatzen gaituenez gu denak, elkarteak, sindikatuak eta alderdi politiko anitzak gara, baina denek dugu elkarrekin Errepublika laiko, demokratiko eta sozial batekiko lotura» aldarrikatu dute sinatzaileek.

Partiduak, sindikatuak eta erakundeak
Eremu sozial eta politiko oso ezberdinetako taldeek sinatu dute komunikatua. Partidu Sozialista, Berdeak, Europe Ecologie, Nouveau Parti Anticapitaliste eta Parti Communiste Français talde politikoek egin dute deialdia.

Sindikatu anitzek ere egin dute bat deialdiarekin, horrela CFDT, CGT, Confédération Paysanne, SNESUP-FSU, Syndicat des avocats, Syndicat de la magistrature eta Union syndicale Solidaires. Gizartean presentzia handia duten beste hainbat erakunde ere 50 elkarteen artean kokatzen dira, Ligue de Droits de l'Homme, Emmaüs France, La Cimade, Médecins du Monde, SOS Racisme edo ATTAC besteak beste.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi