Errobin atzeman duten gorpua Jon Anzarena den ala ez ikertzen du Jendarmeriak

Argitaratua: 2009-06-02 00:18:25

Mauleko Jendarmeriak gorpu bat erreskatatu du astelehen arratsean Errobi ibaian, Bidarrai eta Itsasu artean. Lehen identifikatzeko lanak ibai ertzean burutu dituzte eta, iduriz, badira aste batzuk gorpua ur azpian zegoela. Rolanen Harria izeneko ingururat hurbildu diren kazetariekazaldu dutenez, "ez zirudien istripu arrunt batengatik" Poliziak plantan ezartzen ohi duen dispositiboa. Jon Anza militante politikoaren desagerpena ikertzen duen Baionako prokuradorea tokira hurbildu da eta horrek susmoak areagotu ditu. Astearte goizean abiatuko da autopsia eta emaitzak jaso arte zuhurtziaz jokatzea ezinbestekoa da.

"Sud-Ouest" egunkariak, bere edizio digitalean zabaldu du lehen albistea arratsaldeko zortzi t'erdiak aldera. Arratseko lehen orduan arrantzale batzuk gorpu bat atzeman dutela Bidarrai eta Itsasu artean esaten zen berri horretan. France Bleu irratiak Pas de Roland-en izan dela aurkitua gorpua zehaztu du 19.00etako albistegian.

Aurkikuntzaren berri izan ondoren Mauleko Jendarmeria aipaturiko lekura joan da eta gorpua erreskatatzeko lanak burutu ditu. Iduriz, zaila izan da gorpua Errobitik ateratzea eta toki berean egin dituzte gorpua identifikatzeko lehen analisiak.

Lehen aztarnen arabera gorpuak aste batzuk zeramatzan ibaian. Alta, astearte goizean abiatuko dute autopsia, eta horren emaitza jakin arte ezin da inolako hipotesi baieztatu. Zuhurtziaz jokatzea inportanta da.

Anzaren desagerpena ikertzen duen prokuradorea bertan
Izan ere, Anne Kayanakis, Baionako prokuradorea gorpua aurkitu duten tokirat joan da eta horrek inguruan ziren kazetarien susmoak areagotu ditu. Gogora ekarri behar da Kayanakis andereak eramaten duela Jon Anza militante politikoaren desgerpenagatik zabaldutako ikerketa.

Maritxu Paulus-Basurko abokatuak aurkeztu zuen Anzaren desagerketa ikertzeko eskaera hori Anzaren familiaten izenean. Plenta horretan zehazten zuenez, joan den apirilaren 18an, Anzaren neska laguna Baionako geltokira eraman zuen Ahetzen bizi zen militantea. Okzitaniako Tolosarat joateko trena hartu zuen, goizean. Geroztik ez du inor ikusi.

Salaketa ezarri eta egun batzuetara ETA erakundeak oharra plazaratu zuen Anza bere militantea baieztatuz eta Tolosan ezarria zuten hitrodu baterat ez zela inoiz arribatu baieztatuz.

Non da Jon ? galdera etengabe hedatu da geroztik. Hartara, iraganean izandako beste desagerpen batzuk gogora ekarri ditu Askatasunak eta estatu fransesa zein espainolari gertakari larri hau argitzeko eskatu die.

Hendaian lehenik eta Biarritzen, joan den larunbatean, mobilizazio jendetsuak egin dira eritasun larria zuen militante politikoaren desagerpena argitzeko eskatuz. Herritar brigadak egin dituzte ere 47 urteko preso ohiaren bilaketa lanetan laguntzeko.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi