Milaka lagun Baionako karriketan erretreta sistemaren aurkako erasoari aurre egiteko

Argitaratua: 2010-05-27 11:10:37

Greba deialdiak garrraioa, posta edo hezkuntzan eragina izan du gehienbat. Enplegua, erosteko ahalmena eta erretreta sistema defendatzeko 4 000 pertsona inguru atera dira karrikara Baionan. Greba deialdiak garrraioa, posta edo hezkuntzan eragina izan du gehienbat. Intersindikalak deitutako manifestazioa St Ursuletik abiatu da. Hedabide honek eginiko kontaketaren arabera, 3 500 langile gora elkartu dira martxa horretan. Banderola propioa zeraman LAB sindikatuak beste 250 bat langile bildu ditu bere kortexoan. Sindikatuek goraipatu dutenez, joan den martxoaren 23an eginiko mobilizazioan baino langile gehiago mobilizatu dira -CGTk 5 000 manifestari izan direla gaur Baionan erran du-. Poliziaren arabera, alta, 2 500 herritarrek sostengatu dute sindikatuen deialdia.

Manifestaziioa Lan Burtsatik partitu da eta Herriko Etxearen bidean, Izpiritu Sainduko zubia iragan bezain laster, Bizi! taldeko hainbat kidek pankarta ikusgarria zintzilikatu dute plazatxo batean dagoen Lavigerie kardinalaren estatuara igota. Esklabotasunaren aurka borrokatu zen eliz-gizonaren irudia hautatu zuten, hain zuzen, «esklabotasun modernoaren bultzaitzailezat» hartzen duten Sarkozyren asmoak salatzeko.

60 urtetik landa eraman nahi du frantziar Gobernuak erretretan partitzeko adina. Hala ere, Sarkozyk ez du zehaztu 61, 62, 63... zer adin arte jardun beharko duten langileek erretreta dun bat eskuratzeko. Azken erreformen ondorioz, gaur egun 41,5 urte kotizatu behar da erretretaren %100a eskuratzeko. Honetan ere, Gobernuak aldaketa noraino eramaten duen ez da batere argi.

Dena berdinak... txarrenean
Azkenik, arlo pribatu eta publikoko langileak berdintzeko bidean... sektore publikoko langileen eskubideak murriztuko ditu Sarkozyk. Dagoeneko funtzio publikoan diren hainbat estatus berezi ezabatzera jokatu du Gobernuak eta aitzina begira beste neurriak hartu ditzake. Hala nola, langile publikoen kotizazioak emendatuz. Izan ere, borroka sindikalean eskarmendu handia duten trenbide langileen estatusa ez omen dute, mementukoz, ukituko.

Sindikatuen ustez, ahopeka zabaldu diren neurri horiek guziak onargaitzak dira. Horregatik, intersindikala osatzen duten zentralek -CFDT, CGT, CFTC, FSU, Solidaires eta UNSA- mobilizazio eguna deitu dute gaurko.

Manifestazioaren bezperan Baionan egin duten agerraldian gogor salatu dute Gobernuaren asmoa. Bere erranetan, Sarkozy erretretaren adina eta kotizazioetan oinarritu nahi du erreforma. Alta, «finantzazio sistema ez du ikutu nahi» salatu dute sindikatuek. Alta, patroien zoin langileen kotizazioen emendatzeaz eztabaidatzeko prest agertu dira intersindikaleko ordezkariak.

Erretreten geroa bermatzeko «enpleguaren aldeko politika eraginkor bat plantan ezartzea ezinbestekoa dela» nabarmendu dute sindikatuek. Bigarren Mundu Gerraren geroztik langile kopuruak behera egin du %1,4ean Estatu frantziarrean. «Europako beste herrialdeetan ez bezala, prekarietatea paireatzen duten gazteek eta 50 urte gorako langileek osatzen dute langile multzo handiena».

Horrek, noski, arazoak sortzen ditu, baina sindikatuen ustez, aldaketa demografikoak bestelako erantzunak eskatzen ditu. «Bizitzaren luzapenak ekartzen dituen erronkak elkartasunaren bidez erantzun behar dira: gerra ostean, baby-boom-a zela, hezkuntza sistema indartzera jokatu zuen Estatuak, oraingoan, bizitza osoan zehar lan egin duten herritarrei zerbitzu eta erretreta duinak bermatzea da lehentasuna», azaldu dute.

Hori esanda, Gobernuak hausnartzen duen erreforma bidezkoa ez dela azpimarratu dute sindikatuek. «Finean, lan merkatuan gazte sartu diren jendeak, gehienak kualifikazio tipia duten langileak, izanen dira kaltetuenak». Bestalde, «amatasun permisak direla-eta, gutxiago kotizatu edo urtetan denbora erdiz lanean jardun duten emazteek miseria gorrian aurkituko direla behin zahartzaroa helduta» salatu dute irmoki.

Krisia izan arren, batzuk aberastu dira
Dagoeneko azken urtetan erretretan diren herritarrek duten erosteko ahalmena azkarki tipitu dela gogora ekarri du intersindikalak. Alta, «guziek ez dutela berdin ordaindu krisia» nabarmendu dute. Hartara, sindikatuek emandako datuen arabera, «langileen soldateek balorea galtzen duten bitartean, akziodunen mozkinak %42tik %55era pasatu dira; eta CAL 40 burtsa indizean sartzen diren enpresek orotara 47 miliardo irabazi dute testuinguru ekonomiko zaila honetan».

Sindikatuen erranetan, erreformak haustura soziala handitzeko arriskua ekarriko du. «Lan guziak ez dira berdinak, eta 60 urtekin erretreta hartzeko eskubidea ez bada bermaturik, lan zailak dituzten langileek jasoko dituzte kalte handienak, lan fisikoak bere mugak baititu».

Sindikatuek argi dute «erreforma oztopatu nahi bada» karrikara atera behar dela. Horregatik, «langileak desmotibatzeko» erreforma «erabakitzat» ematen duten «intoxikazio kanpaineei muzin eginez» -4 milioi euro gastatu ditu Gobernuak erreforma ezinbestekotzat jotzen duen komunikazio kanpainia bat sustatzeko- mobilizapenari ekiteko deia luzatu diete langile guzier.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

icon

Xabi

2010-05-27

zergatik BIZIkoak "zintzilikatzen" direnean poliziak ez die soka askatzen?
laster, banderola bat atxikitzeari ere ekintza "ikusgarria" deituko zaio...

icon

Jon

2010-05-27

Arrazoi duzu Xabi. Seguraski BIZIko militanteak izan beharrean SEGIkoak izango balira, jarrera ezberdina izango lukete bai polizien aldetik, bai Frantziako sindikalista batzuen aldetik. Ez al zen horrelako zerbait gertatu Langileen Egunean eginiko ekintza batean? Oraindala bi urte? Ez naiz gogoratzen...

icon

Xabi

2010-05-28

arrazoi duzu Jon, lurrean etzanda parodia bat egiten ari ziren gazteen gainetik pasa ziren batzuk mespretxu osoz

icon

Jean-Michel

2010-05-28

Aldiz, ez duzue deus erraten Grenet-en ondoan bainoako bestendako hasieran Seguiko batek bertsuak botatzen dituelarik ...

icon

AMAIA

2010-05-28

jean michel, beharrikla deus erraiten,bertsuak entzun zinituen? Grenet-en ondoan bertso bat botatzea ez da biziki logikoa, erraiten duzun bezala ulertzean. Baina oroitzen zira nolako bertsoa bota zuen???Ikaragarria, ez dut ahantziko Grenet-en burua nola bilakatu zen..

icon

Ekhi

2010-05-29

Jean Michel, Grenet-en burua ez nuen ikusi, ez zen han... Logikoa den ez dakit, baina, Baionako Bestetan euskarari leku bat ematea eta hori mezu konkretu bat baliatzeko erabiltzea, galdegin zidatenean behintzat egokia iduritu zitzaidan.
Aldiz, ez dut sobera ulertzen zer zerikusi duen artikulu honekin, iruzkin gisa emateko.
Helburu bakarra kritika egitea denean holako nahasteak gertatzen dira...

icon

JEAN-MICHEL

2010-05-30

Egia da iruzkin horietan ez duzuela helburu bakarra kritikak egitea ... Denen gainean botatzen duzue aldi oroz bainan ez duzue inoiz zeuren autokritika egiten ... Bitxi ez dut ulertzen zergatik ...

Komentarioa idatzi