Hamaika oztopo gainditu ondoren familiak baieztatu ahal izan du Tolosako gorputegian dagoen gorpua Anzarena dela
Jon Anzaren familiak zailtasun handiak izan ditu bere sendiaren hilotza ikusi ahal izaiteko. Azkenik, arratsean, bere konfidantzazko mediku bat behatu ahal izan du gorpua. Neholako zalantzarik gabe Anzarena dela azaldu du. Familiak egun luzea bezain mingotsa jasan zuen. Atzo, 18.45etan, France 3k zabaldu zuen gorpua atzemana zutela. Gaur arratsalderarte ezin izan dute bere begietatik hori baieztatu.
Iturri poliziak aipatuz, Jon Anzaren gorpua Toulouseko erietxearen gorputegian atzeman dutela erran du, atzo FR3k. Beti ere, telebistak eman duen albistearen arabera, iazko apirilaren 18an desagertu zen euskal militantea Baionatik trenez heldu zen Tolosara. Okzitaniako hiriburuan, karrikan atzeman eta erietxeran eraman zuten. Handik egun batzutara batera hil omen zen. Toulouseko hil-etxean «orain identifikatu dutela gorpua» gaineratu du FR3k. Albistea «filtratu» eta gutxira espainiar hedabideek mota guzietako xehetasunak eman dituzte. Apirilaren 29an noraezean atzeman zutela, eri, eta 11 egun beranduago erietxean zil zela zabaldu dute. Tolosako erietxeko zuzendaritzak gaur goizean informazioa emanen duela aferari buruz zabaldu dute hainbat hedabidek. Baionako prokuradoreak prentsaurrekoa deitu du 15.30etan.
Maite UBIRIA | BAIONA
Toulouseko hil-etxean atzeman duten gorpu bat «Jon Anzarena izan daiteke». Arratseko 18.45etan zabaldu du berria France 3 Paysbasquek. Frantziako Telebistak plazaratu duen informazioaren arabera, Ahetzen (Lapurdi) bizi zen militantea Toulouseko karrika batean konortea galduta atzeman zuten. Handik egun batzutara hil omen zen. Antsu urte bat beranduago, «Jon Anzarena izan daiteken gorpua» Toulouseko morgean «identikikatu dutela» gaineratu du telebista kateak.
Izan ere, Vasco Press agentzia aipatuta, Estatu espainiarreko hedabideek, besteak beste "El País" eta "La Varguardiak" beste bertsio bat zabaldu du. Egunkari katalanaren arabera, Anza 2009ko apirilaren 29an, gaueko 23.00etan, atzeman zuten «Toulouseko parke batean, noraezean eta bihotzeko gaitza pairatzearen aztarnaz». Poltsikoan, apirilaren 20 itzultzeko tren billetea omen zeraman. Ez paperik ez dirutik. Erietxera eraman eta maiatzaren 11ean hil zen. Galdera berehala dator. Hori guzia horrela bada: Non izan zen Anza apirilaren 18a eta 29a bitartean ?
Eta lehen galdera horren ostean, besteak: behin erietxera eraman ez gero nola ezin izan zuten identifikatu ez bertan, ez da gero hil-etxean, Estatu frantziarrean bizi eta erietxe batean punta-puntako tratamendu medikoa jasota zuen herritar bat ?
Prokuradorea isilik
Jon Anza desagerketaren ikerketa eramaten duen Anne Kayannakis prokuradorearekin mintzatu berri da "Le Journal du Pays Basque". Prokuradoreak ez du ez baieztatu ez ezeztatu informazioa. Gaur gauean ez duela ezer komunikatuko afera honi buruz esan eta bihar berriz deitzeko gomendioa eman dio Goizeder Taberna kazeta horren erredaktore-buruari. Prentsaurrekoa iragarri dute ondoren. Azalpen asko eman beharko ditu prokuradoreak. Lehena: Nola da posible kasik urtebete berantago PJ berak bilatu zuen tokian ustez Anzarena den gorpua agertzea ?
Desagerketa iluna, aurkikuntza iluna
Jon Anza 2009ko apirilaren 18an desagertu zuen. Bere neska-laguna Baionako tren geltokian utzi zuen. Toulosera joateko trenean, alegia. Geroztik nehork ez du euskal iheslaria ikusi. Handik aste batzutara, Anzaren familiaren izenean desagerketa salatu zuen Maritxu Paulus Basurcok Baionako auzitegian.
Anne Kayannakis prokuradoreak bere gain hartu zuen afera ikerketa abiatu zuen. Besteak beste, Anzak segitu omen zuen ibilbidean aztarnak bilatzeko agindua eman zion PJri ( Polizia Judiziala ). Trenbidean, geltokietan eta erietxeetan zabaldu zela ikerketa hori azaldu du behin eta berriro geroztik Kayannakisek.
ETAk agiri baten bidez Anzaren militantzia aldarrikatu eta Polizia horren jakinean bazela ere azaldu zuen. Donostiako preso ohia desagertu baino bost hilabete lehenago Poliziak zulo bat atzeman zuela Senpereko oihanean eta bertan Anzaren hatz-markak zirela zehaztu zuen ETAk.
Data horretatik aitzin, Anzaren DNA bazuen Poliziak. PJ-ko iturriak aipatuz, kazetari batek hauxe erran dio gaur gauean kazeta.infori: «Frantziako morge guzietan bilatu zuen Poliziak, eta lehena Toulousekoa».
Datu horrek gaur gauean zabaldu den informazioak sortzen dituen zalantzak aregotzen ditu. Zuhurtziaz jokatzea komeni bada, «Anza kasuan» egi osoa eskatzea, inoiz baino beharrezkoa da.





