«Mendiari hartzak bezainbat kalte egiten diotenak» Tarbesen eginen den manifestazioaren lehen lerroan izanen direla salatu du ELBk

Argitaratua: 2010-03-11 16:08:54

Pirineotan hartzaren sartzeko plangintza berria ez duela onartzen azpimarratu nahi du ELBk, larunbatean Tarbes-en antolatua den manifestaldiaren kari. Alta, «larunbatean lehen lerroan izanen direnetan, mendiari hartzak bezainbat kalte egiten diotenak izanen direla» salatu dusindikatak. Laborariak mendian atxikitzeko, laborantxa politika koherenteak bultzatzea galdegiten dugu berriz ere ELBk.

ELBren ustez «mendi eskualdean, ingurumena errespetatzen duten laborantxako praktikek biodibertsitatea zainduko dute, kabale edo landare ezartze plangintza inposatuek baino aise gehiago».

Gaurregun, mendiko errealitateari lotu laborantxaz ezin dela bizi ahal, «Estadoak ez baitu gehiago sustengatzen», eta ondorioz etxalde ainitzen geroa zalantzan dagoela gogora ekarri du ELBk.

2009ko ICHN mendi laguntzaren erreformarengatik, bortua ez da gehiago etxaldearen segida bezala kontsideratua eta «ondorio zuzenak badira bortua erabiltzen duten etxalde ttipien diru laguntzetan».

Sindikatuak azalsdu duenez, «mendiaren erabiltzeari esker bizi diren artzain soilek 2009an eskuratu behar zituzten laguntzak ez dituzte oraino ukanak, egoera kezkagarrian dira ondorioz».

2009ko erreformaren indorioz, mendi laguntza %15ez apalduko zaie aurten Euskal Herriko 180 etxaldeeri. Zone haute montagne edo goi mendi gisa sailkatuak ziren eremu batzuk zone montagne edo mendi arrunta gisa izendatuko direlako.

Hori guzia kondutan hartuz, ELBren aburuz, «hartzaren sartze plangintza berriak, hazleendako diren irriskuek eta sortuko diren gastuek, erabakitzaileen inkonpetentzia eta politika orokorren koherentzia eskasa argitan uzten dute».

«Mendiak husten balin badira gaur, izan diren gobernu desberdinenak ez dira hobendun bakarrak. Alabainan, departamenduko laborantxako arduradunek, laborariak direnak eta gehiengoaren izenean mintzo direnak, laborari ttipiak edo artzainak noiz nahi eta dudarik gabe, prima edo diru laguntzetarik baztertzen dituzte, sobera ttipiak edo bizigarriak ez baitira beren ustez. Desertifikazio politikaren laguntzaileak dira», gaineratu du prentsa-ohar batean.

Tarbes-n antolatua den manifestaldirat deitzen du ELBk, «mendiko laborantxa errespetatua izan dadin» eskatzeko. Aldiz, «duela bi urte Bagnères de Bigorreko manifestaldian izan ziren bezala, larunbatean lehen lerroan izanen direnetan, mendiari hartzak bezainbat kalte egiten diotenak izanen direla» salatu du ELBk.

«Mendiaren salbatzea ez da bakarrik hartzari ezetz erraitea bainan bai egun guzitako borroketan, etxalde ainitzen biziaraztearen alde jokatzea», gogoratu du laborarien sindikatuak.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi