Hauteslego zentristaren bozkak eskuratzeko lehia bizia kanpainaren hondarrean

Argitaratua: 2010-03-11 11:06:49

Hauteslego zentristaren bozkak eskuratzeko lehia handia sortu da kanpainiaren azken egunotan. Bata bestearen atzetik, zentrismoaren eremu politikoa aldarrikatu dute Modem-ek, Zentro Berriak eta EAJ-PNBk. Lehen alderdiak zentrismoaren nagusitasuna aldarrikatu du. Bigarrenak, UMP-rekin batera joan arren, «Giscard d'Estaing-en oinordekotzat» hartzen du bere buruak. Jeltzaleek, euskal nortasuna aldarrikatuz, bereziki Modem eta UMP-Zentro Berriak arlo horretan erakutsi dituzten «gabeziak» azpimarratu ditu.

Zentro politikoa irabazteko ahalegin bereziak egin dituzte azken egunetan Modem-ek eta Zentro Berriak. Bestalde, jeltzaleek prentsaurrekoa eskeini dute asteazkenean Baionan, eta bertan gainerako alderdiek «erakutsi dituzten» gabeziak nabarmendu dituzte. Alain Rousset sozialista kritikatu badute ere, Modem eta Zentro Berria izan dituzte jomugan «Euskadi Europan» haitagaitzako ordezkariek.

PNBk 4 lehentasun finkatu nahi izan ditu kanpainia honetan: Euskal Herriko garapen agentzia, Lurralde Elkargoa, euro-eskualdea eta euskal identitatea. UMP-Zentro Berriak, Modem-ek eta PSk «gai horiek ez dituztela garatu» kanpainian azpimarratu dute.

Alderdi bakoitzari kritika zuzendu diote jeltzaleek. PSk eginen dituen proposamenak «Girondara begira eginikoak» direla aipatu du Jean Telletxea zerrendaburuak. UMP-Zentro Berriak «Akitanian labela sortu nahi duela erran du, euskal labela bultzatzeko egiten ari den lana aipatu gabe». Azkenik Modemek «proposamen anitz egin baditu ere, gehienak irrealak dira, Eskualdeko baliabideak mugatuak direlako» azaldu dute jeltzaleek.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi