Hendaiako gazteek etxe bat okupatu dute «gaztetxearen proiektua garatzeko asmoz»
Bidasoamedia.info agerkari digitalak jakitera eman duenez, Hendaiako Bazen Garaia gazte mugimenduko kideek Ondarraitz futbol zelaiaren aldamenean aurkitzen den etxe bat okupatu zuten joan den larunbatean, «gaztetxearen proiektua garatzeko asmoz». Arratsalde honetan ekintza horren arrazoiak eta bereziki etorkizuneko proiektuak azalduko dituzte prentsa-aitzinean.
Joan den martxoan Hendaiako Merkatu Zaharrean "Herri bat, Gaztetxe bat!" lemapean Hendaiako Gaztetxearen aldeko eguna kari antolatu bestan, Hendaiako gazte mugimendua bizirik dela argi geratu zen.
Bazen Garaia gazte asanbladako ordezkari Txomin Urrizak bidasoamedia.infori erran dionez, «udal-hauteskundeetan auzapezgai guztiek gaztetxearena aipatu zuten" eta Salaberri auzapezak bere herri-programan aurreikusi zuen arren, "oraindik ez dute fitxik egin".
Hori horrela, eta alternatibak proposatzeko bilera baten egiteko aukerarik ukan ez dutenez, "itxaroteaz nekaturik", joan den larunbatean Hendaiako Hondartza auzoko etxe bat okupatzeko erabakia hartu zuten.
Eguerdian aperitifa bat antolatu zuten, eta hamarnaka gazterekin batera, inguruko hainbat bizilagun hurbildu ziren "omeletak eta guzi, ustez, auzokide berriei ongi etorria egiteko".
Asteburuan zehar poliziaren bisita jaso zuten, baina momentuz gazteek bere horretan segitzen dute. Haatik, Bazen Garaia gazte asanbladak etorkizuneko nahikerien eta proiektuaren ildo nagusien berri emateko agerraldia eginen dute gaur, astelehenean, arratseko 15.00etan, Lilen karrikaren 7. zenbakian.
Komentarioak
Mikel
2009-07-20
Eutsi horrei gaztiak! Amets horrek merezi du eta!
Jon
2009-07-20
Zorionak!
Hendaiako gazteek behar zuten gaztetxe bat!
kukutza
2009-07-20
Aupa zuek!!!
Eutsi horri!!!
Bilbon zuekin gaude behar duzuenerako!!!!


- 


