Hendaiako tren geltokian atxilotu zuten afrikar apeza libre da

Argitaratua: 2009-01-08 12:44:26

Gaizka IROZ.

Hendaian dagoen etorkinendako erretenzio zentroan atxiloturik zegoen Cabo Verdeko apeza libre utzi du Baionako jujeak. Frantziako Poliziak 1984az geroztik Portugalen jarduten duen misiolaria asteartean atzeman zuen Hendaiako geltokian. Cimade elkarteak afera salatu du eta eliz-gizonaren defentsa beregain hartu du.

Hendaiako erretenzio zentroak etengabe berriak emanen ditu. Eta ez, preseski, berri onak. Azken asteotan etorkin familiak bere haurrekin atxiloturik zirela bertan salatu du Cimade elkarteak. Asteazken huntan, misiolari afrikar baten atxiloketa salatu zuen elkarteak. Baionako auzitegian burutu zen epaiketa ondoren, jujeak apeza libre uztea deliberatu zuen.

Cap Vert-en jaioa izan arren 1984az geroztik Portugalen jarduten duen apeza izan da Frantziak etorkineei aplikatzen zaie politika zorrotzaren azken biktima. Parisen bere erlijio konpainiaren egoitza nagusian (Shalom izeneko elkartearen kidea da) astebeteko egonaldia egin ondoren, Portugalera itzultzen zenean, Frantziako poliziak atzeman zuen apeza Hendaiako tren geltokian eta etorkinendako erretenzio zentroan sartu du.

Misiolariak 42 urte ditu eta bere pasaporte indarrean dago. Bere «pekatu» bakarra: Portugalen izaiteko baimena iraungia zuen, nahiz eta berritzeko desmartxak hasiak zituen. Horrexegatik soilik atxilotu eta 24 ordu pasatu zituen erreteniturik Hendaiako zentroan.

Atzo, 14.00 orenetan Baionako Auzitegiak misiolari afrikarraren afera aztertzeko bildu zen. Mahai gainean, Pabeko prefetak pertsona honen erretenzio egoera luzatzeko aurkezturiko eskaera. Finean, jujeak apeza libre uztea deliberatu zuen.


Bidali edo bozkatu zabaldun Gorde del.icio.us-en

Komentarioak

Komentarioa idatzi